Irati Alvarez Malaxetxebarria
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ez gaitzala olatu atzerakoiak ito

2024/11/15

Urriak 24 da, arratsaldea. Erredakzioan nago. Albisteak irakurtzen hasi naiz berriz ere, hedabideetan, X sare sozialean… eta, bapatean, titularra: Iñigo Errejon politikaria salatu dute indarkeria matxistagatik. “Joder, boteredun -ustez- ezkertiar bat” pentsatu dut lehenik. “Nola iritsi da izan duen posturaino? Zer dela eta ez du aurrez inork salaketarik jarri?”, gero. Arrazoiak, horien atzean dagoen indarkeria sistematikoa… teoria feminista guztia arrapaladan etorri zait burura. “Zer dela eta kuestionatu dut emakumea?”. Lagunen edo norberaren bizipenetan oinarrituz, isiltasuna erraz konprenditu dut. Horrek ez du barnean dudan egonezin eta haserrea baretzen.

Eguneroko bazka dugu indarkeria matxista. Gisele Pelicoten kasua, Frantzian; Errejon, eta eskandaluaren harira atera diren testigantza uholdea Espainian, baita Ayax eta Prok raperoei indarkeria matxista leporatzea ere, kasu.

Euskal Herria ez da salbuespena. Iruñeko Lehendakaris Muertos musika taldearen gitarrista indarkeria matxistarekin loturiko prozesu judizialean sartu da, sexu indarkeria egotzita. EHUn, Leioako kanpuseko ikasle feministek irakasle batek neska gazte bat erasotu duela ezagutarazi berri dute. Azken 10 egunetan azalerazi diren berriak dira.

Eibarren ere ezagunak ditugu hainbat gertaera. Oihartzun handia izan zuen Luna eta Enrich futbolarien aurkako salaketa, esaterako. Badakigu Rakel Lopez Airas eibartarra eta haren semea erailak izan zirela. Edo 2020an emakume bat labankadaz zauritu zuela 17 urteko gizon batek. Herriko jaietan ere jazo izan dira erasoak. Mugimendu Feministako kideek ongi dakite hori.

Aurrera begira ez datoz garai onak. Eskuin diskurtsoa dugu borborka, eta ezkerrera ere iritsi da. Indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak aurrera egiten ari dira. Hori bai, diskurtso bat modu oso argian babestuta ere, praktikan kontraesanez beterik gaude denok. Zaila da onartzea, zaila da lanketa bat egitea. Lokatzetan sartzea eta aitortzea da lehenengo pausoa. Ez gaitzala olatu atzerakoiak ito.