Marea ingelesa
Nork esango zion kazetari honi futbolaren inguruan hitz egitera ausartuko zenik. Bada, hizkuntza ohiturak aldatzeko kanpaina betean, azken 48 orduetan ikusi eta bizi dudanean jarri nahi dut fokua. Gaztelaniarik ez dut entzun, nahiz eta ingelesa bai.
Euskal Herriko prentsan Europa Ligako finala izan dugu titularretan: “Bilbora heldu da marea ingelesa”, “Ingelesaldia”, “Zale britainiarrek jai giroa ekarri dute Bilboko kaleetara”... Donostiako Parte Zaharrean liskarrak sortu dituzte Manchester United eta Tottenham taldeetako zaleek. Ez dakit azken titularra idatzi duenak Gipuzkoako hiriburuko ekintza festa giroaren parte kontsideratuko ote duen… batek daki.
Asteazkenean hasi zen uholdea. Guztira, 80.000 hooligan mozkorti. Bilbon, lanera bidean ikusi nituen lehen zaleak: gizonak ia denak, taldeka, praka motzetan, eta terrazetan sakabanatuta lehenengo edariarekin. Arratsaldean lagun batekin Alde Zaharretik ibili nintzen. Lehenengo tragoarekin kalera irten berritan, bi gizon hurbildu zitzaizkigun parranda non zen galdezka etab. Luzez izan ziren gurekin hizketan, espazio pertsonal handia hartuz, haiekin parrandan irteteko eskatuz… Egoera argia zen: haiek jai giroan zeuden eta punto. Gu, emakumeak eta euskaldunak, bigarren maila batean ginen.
Egun hauetan erabat maskulinizatu da Bilbo, kaleak blokeatuta egon dira eta bizilagunen egunerokoan eragina izan du. Zaleekin lotuta ezagutarazi dira gertaera gehiago: semaforoak erauzi dituzte; Palestinar bandera eskegita izateagatik Yid Armyko sionistek euskal bizilagunak mehatxatu dituzte; Bilboko Plaza Barriko aldamioetara iritsi dira hooliganak: oihu artean zaleek banderak eskegi dituzte, horietako bat biluzik egon da…, eta toki berean bizilagun batek bere etxea defendatu du zalerik ez sartzeko. Gizon mozkorti bat ere grabatu du telebista batek korronte erdian zakila aterata txiza egiten… baina ez du axola.
Besterik gabe, gure herriak behar duen benetako olatua morea dela esango nuke nik.
Iritzi artikulu hau partida egunean idazten nabil. Kanpai hotsek jo dute arratsaldeko seietan, ingelesen oihuak tarteko. Ea biharko itsasoak zer dakarren.