Irati Alvarez Malaxetxebarria
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Fotosintesia

2024/02/16

Autobusa hartu dut. Urduri nago, baina pozik. Lagun min batekin gelditu naiz Bilbon. Lehenengo aldiz mutil batekin gelditu izan naizenean baino urduriago nago, agian. Ez dut kezkatzeko arrazoirik; alderantziz, lasai egon beharko nuke. Bestalde, lagunarekin gelditzeak barrenak mugiarazi dizkit, zentzurik onenean -hau posible baldin bada-. 

Kafesnea eta tortilla pintxoa hartuta, tabernako mahaira gerturatu gara biok. Herri desberdinetan bizi gara; ez dugu astero elkartzeko aukerarik izaten. Bakoitzak bere errutina, ardura eta ordutegiak ditu, baina, nolabait, elkarri eskaintzeko tartea bilatu dugu. Hasierako urduritasuna ahaztuta, norberaren egoeraz mintzatzeari ekin diogu lasai asko. Denetarik dugu hitz egiteko: lanaz, ikasketez, harremanez, familiaz, etorkizunaz, militantziaz, iraultzaz… ez da gairik falta. Gai “serioez” gain, barre artean, anekdota edo “txorradez” ere hitz egin dugu. Isilune momentuak ere badira batzuetan, baina ez dira isilune deserosoak. 

Kafea eta pintxoa amaituta, tabernatik irten eta eguzkitan jarri gara. Ez ditugu munduan dauden arazoak konpondu; hala ere, elkarri korapiloak askatzen lagundu diogu. Albokoa epaitu gabe, baina kritikotasunez. Gure arazo eta kezkez hitz eginda, gainean dugun motxila gutxinaka askatzen doa. 

Kasualitatez, otsailaren 14a da gaurkoa. Ez dut egun hau inoiz ospatu. Aitzitik, ezin dut burutik kendu gaurko eguna lagunei eskaintzekoa ere badela. Laguna maite dudala konturatu naiz. Ez bikote-harreman batean bezala, desberdin. Gero eta indibidualistagoak garen eta bikote-zentrista den mundu honetan, horrelako lagunak izatearen garrantziari bueltak ematen hasi naiz. Ez al da harremanak zaindu, elkarren korapiloak askatu eta loratzen laguntzea iraultzailea eta ospatzekoa? 

Behin lagun honek itsaso usaina nuela esan zidan, lasaitasuna transmititzen niolako edo. Eguzkia da bera niretzat. Isiltasun tarte batean, begiak itxi eta eguzkiari begira, arnasa hartu dut.