Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Gizakia klonatzetik geroz eta hurbilago"

2018/02/18
Aurreko urtea ardiei buruz idazten agurtu nuen eta hasi berri dugun honetako albiste garrantzitsuenaren abiapuntua ere ardiak izango dira. Gogoratzen al duzue ardia? Dolly klonaturiko lehenengo animalia izan zen. Orduz geroztik teknika berbera erabilita 23 animalia espezie inguru klonatu dira, besteak beste txerriak, zaldiak, saguak edo txakurrak. Baina genetikoki gizakiaren antzeko animaliak klonatzea ezinezkoa izan da duela egun gutxira arte: Shangaiko ikerketa talde batek buztan luzedun makakoa klonatzea lortu du, Dolly ardiarekin erabili zuten teknika berberarekin.

Teknika honetan obulu baten nukleoa (material genetikoa edo ADN-a dagoen lekua) kendu eta gorputzeko ehun baten zelularen nukleoaz ordezkatzen da. Ondoren obulu hori estimulatu egiten da enbrioi bihurtu dadin, eta eme bati umetokian ezartzen zaio, haurdunaldia era naturalean garatuz, umea jaio arte.

Klonazio horrekin lortutako emaitza bi tximu guztiz berdinak dira, animalia eredu gisa erabili daitezkeenak funtzio fisiologikoak eta giza gaixotasunak era sakonago batean aztertzeko. Gainera, giza gaixotasunen tratamendu terapeutikoak garatzeko oinarri modura ere erabilgarriak izan daitezkeela azaldu dute ikertzaileek, minbizian edota gaixotasun immunologiko edo metabolikoetan adibidez.

Baina albiste zientifiko askorekin bezala, eztabaida etiko ikaragarria piztu da, alde batetik, gizakitik hain hurbil dauden espezieen klonazioak dakartzan arriskuengatik eta bestetik, prozesuaren eraginkortasun txarragatik. Izan ere, jatorrizko 127 obuluetatik, 79 enbrioi besterik ez ziren garatu. Hauek, 21 emeri ezarri zitzaizkien umetokian eta horietatik 2 bakarrik iritsi dira jaiotza osasuntsuak izatera. Beraz, argi dago oraindik ere lan asko dutela primateetan prozesuaren arrakasta bermatu aurretik.

Albistean gehiago sakondu nahi duenak, “Cell” aldizkari zientifikoan eskuragarri du artikulua (DOI:10.1016/j.cell.2018.01.020)