Laura Albistegi
Laura Albistegi

"Jakituria handiko damak"

2017/03/31
Arkitektoa patroiak eraikitzeko, eskultorea formak emateko, margolaria marrazkiak egiteko, musikaria harmonia emateko eta filosofoa neurrientzako. Horiek dira Balenciaga handiaren hitzetan modista on bat izateko ezinbesteko gaitasunak. Bada gaur egun halakorik?
Kolaborazio honek amama guztientzako oda bat izan nahi du. Artista hutsak direlako. Sukaldaritzako erreginak eta modista trebeak. Esperientziadunak, funtsezkoak. Jakituria handiko damak. Baina ez da hau eskerrak eta zorionak emateko toki aproposena. Euren josteko abilezia goraipatu nahi dut gaurkoan, inbidia puntu batekin gainera.
Eurak gazteak ziren garaian, erropaz hornitzeko modua nork berea egitea zen, bai etxean bertan edota hortara dedikatutako tailerretan. Neurrira egindako erropak zituzten, egun pentsaezina dena.
Jostea emakume guztiek, gazte gaztetatik, jakin beharreko lana zen. Dendetan telak edo ehunak hautatu eta erosi, gorputzaren neurriak hartu, patroiak asmatu edota aldizkarietan argitaratutakoak kopiatu, ehunera pasa, hauek moztu eta josi. Erropa gutxiago edukiko zuten, bai, baina kalitate onekoak, bata bestearekiko desberdinak, eta dotoreak oso.
Ez dira harrituko ba gazteok dugun erropa kantitate guztiarekin eta hauek ekoiztutako bide eta emaitzekin? Ez digute ba esango, nora goazen gu zapatillekin, praka apurtuekin eta ezpainak margotu barik? Eta ez dute egingo ba barre guk jositako botoi bat ikustean edota praka batzuei azpiak hartzeko ditugun arazoen aurreak?
Etorkizunean, ez da egongo modista onik, ez amama hoberik.