Laura Albistegi
Laura Albistegi

"Minimalismoa"

2016/12/16
Gauza asko mihiztatzea ez da gauza samurra izaten. Ez al da ba errazagoa bi zatitan apurtutako pitxerra berreskuratzea zati txiki askotan geratutakoa baino? Saiatzeko grina hor dago bai, baina gutxitan lortzen dira norberak ezartzen dituen helburu utopiko horiek. Gehienetan, lardaskeria zihurtatua.
Printzipio hau beste hainbat sektoretan ikusi ditzakegu aspaldi. Mies Van Der Rohe, minimalismoaren sortzailetzat hartutako arkitektoaren esanetan, dena ondo lotuta geratu arte gauzak kentzea da diseinuari garbitasuna eta elegantzia emango diona. Osotasunak hartzen du garrantzia atal indibidual ororen gainetik.
Modan ere gauza bera gertatzen dela deritzot. Minimalismoaren jarraitzailea izanik, hau elementu minimo eta basikoak erabiltzeko tendentziatzat ulertuta, zein errezagoa den, adibidez, bi kolore soilik nahastea kolore paletan gehien kontrajartzen diren kolore ezberdinak egoki geratzea baino.
Calvin Klein, Balenciaga, Céline zein Jil Sander dira mugimendu honen inguruko gaur egungo izen handietako batzuk. Apaingarriak baztertuta, kolore kontrasteak landuta, cashmere, artilea edota zeta bezalako materialak erabilita, funtzionalismoa, xahutasuna, sinpletasuna zein elegantzia hartzen dituzte xedetzat.
Estilo horretako diseinuek, modaz pasatzeaz urrun gainera, eguneroko buruhausteak sahiestea lortzen dute.
Ostera, monokromatismoa, forma zuzenak, apaingarri eza... aspergarria izan daiteke batzuentzat. Beti egongo da norbait konplexutasunaz haratago pitxerraren zati txiki guzti horiek itsastea nahiagoko duena… eta ongietorria izan dadila!