Iker Aranberri
Iker Aranberri

"Jarrai dezagun abesten"

2017/04/21
Iragan apirilaren 8an une historikoa bizi izan genuela entzun dugu hamaika aldiz, kalean nahiz hedabideetan. ETAk bere arma guztiak entregatu zituen eta ekintza hori irudikatu zuten milaka herritarrek Baionan egindako ekitaldian. Hainbat hamarkadatako azken keinua eta ikurra izan da. Abesti baten amaiera, abesti berri baten lehen nota ekarriko diguna. Amaitu berri den abestia desafinatzen saiatu dira hainbat alderdi eta erakunde, baita tarteka musika larregi jaisten edo igotzen ahalegindu ere, abestia desitxuratu nahian. Gizarte zibila ordea, elkarrekin abestuz, zaratari eta desitxuraketari gailendu zaio, abestiari amaiera duin eta bateratua emanez.
Abestia amaitzean, diskak kanta berri bat ekarriko digu. Ez dakigu dantzagarria ala lasaia izango den, baina badator. Eta gero beste bat etorriko da, geroa etenik gabe luzatuz. Gure abestiak izango dira, guk geuk aukeratutakoak, gure erabakien jabe, herri gisa elkarrekin abestuz gutxiago desafinatuko dugulako, asko eta asko oraindik ere musika jaisten eta igotzen ahaleginduko diren arren.
Mikel Laboak beti bezain fin azaldu zuen ‘Martxa baten lehen notak’ abestiko pasarte batean: Inor ez inor menpekorikan / nor bere buruan jabe / herri guztiok bat eginikan / ez gabiltz gerorik gabe.
Adi. Martxa berri bat datorrela diosku lehen nota batek. Entzun lasai, edo abestu indartsu, baina gozatu musikaz eta abesti berri honetaz.