"Jon Etxabe goguan"
Zapatuan egin zetsen agur ekitaldixa hil barri dan Jon Etxaberi. Etxaberen bizitzia laburtzeko ...eta kitto! zenbaki osua biharko geunke, eta arlo asko hartzen dabenez, ez naiz kapaza ganorazko errepaso osua egitteko. Horretarako egongo dira beste batzuk. Baina nik ezagutzeko suertia euki nebanez, horren gaiñian berba egin nahi dot.
Jonekin ...eta kitto!-ren hasieretan egin genduan topo. Bera gizon nagusixa zan, “historikua”, eta gu gazte kuadrilla nahiko zorua. Gazte eta berde, esaten dan moduan. Taldeko zaharraguak hamaikatxo burruka egindakuak ziran euskerian alde, eta gaztiok proposatutako ekintza eta ekimen askori beti trabaren bat jartzen zetsen: horrek ez dau funtzionatzen, hori karua da, ez daka zentzunik… hola ibiltzen giñan. Gure ilusiñua, indarra eta esperientzia eza frenatzen denbora guztian. Eta frustraziñua eragiten zeskun, ez dot guzurrik esango. Jonek, baiña, beti entzutzen zeskun, bere lehelengo berbia ez zan “ez“ izaten. Gaiñera, gozo eta irribarrez tratatzen ginduzen.
Lehelengo omenajia egin zanian Orbea frontoian, bera izan zen omendutako bat, eta neri tokau jatan berari lora-txortia emotia. Ohoria izan zan neretako, eta berak pozarren hartu ninduan.
Geruago, Etxarrira juan zan bizitzera, eta luzaruan ez neban ikusi.
Oin urte batzuk, baiña, Luistxo Fernandezek deittu zestan esateko Etxabek eibar.org-en bloga zabaldu gura zebala urtietan idatzittako guztiak batu eta argira etaratzeko, eta ia prest nenguan blogian ibiltzen erakusteko. Nik baietza emon neban.
Ordurako Jonek 80 urtiak ondo beteta zittuan, eta ordenadoria testu prozesatzaille erabiltzen zeban bakarrik, askoz gehixago be ez. Hala, gure artian berba egin, eta bere etxera juan nintzan. Ez zan erreza izan, ez dot guzurrik esango, baiña pare bat saiotan lortu genduan bloga martxan jartzia. Dudak izaten zittuan, eta mezuak idatzi. Gitxi, egixa esatera. Holan bihurtu zen Jon euskal blogaririk beteranuena. Beteranua eta aktibuenetakua.
Bere irribarria eta goxotasuna izango dogu faltan. Milla esker, Jon!