Iñaki Elortza
Iñaki Elortza

"Kardioa edo indarra?"

2023/09/18
Iritsi da iraila, eta berarekin batera, ikasturte berri baten hasiera. Urtero bezala helburu berrietan pentsatzeko momentu ezin hobea, hizkuntza bat ikasi, diru gehiago aurreztu, kirol gehiago egin, udan zehar hartutako kiloak kendu….

Gaurkoan azken bi puntu horiei buruz hitz egingo dugu, zehazki koipea galdu nahi dugunean zientziak gomendatzen digun kirol motari buruz. Zer da hobea helburu hori lortzeko? Kardioa edo indarra?

Lehenik definitu ditzagun bi kirol mota horiek. Alde batetik, kardioa daukagu, aerobikoa edo erresistentzia kirola esaten zaiona: ibiltzea, korrika, igeriketa, bizikleta… Bihotz taupaden eta arnasketaren frekuentzia azkartzen dute, gorputzeko muskulu handiak erritmikoki mugiarazten dituzte eta intentsitatearen arabera iraupen luzekoa izan daitezke. Kirol mota hori maiztasunez egitea, diabetesa, bihotzeko gaixotasunak edota dementzia izateko arrisku gutxiagorekin erlazionatzen da.

Bestetik, indar kirola edo anaerobikoa dugu. Horren adibide, pesa altxaketa, halterofilia, gorputzaren pisuarekin egindako ariketak (flexioak, sentadillak, fondoak…) edo kalistenia izan daitezke. Kirol horietan ariketak motzagoak izaten dira, baina intentsitate handikoak, giharra mugara eramaten dute, baina, aldiz, bihotz taupadak edo arnasketa ez dira asko azkartzen. Honen onuren artean aipa ditzakegu osteoporosia, frakturak, sarkopenia (giharraren galtze progresiboa) dependentzia ekiditen dituela eta zahartzaroan pertsona autonomoak izaten laguntzen duela. Horrez gainera, gure metabolismoa, hau da, erretzen ditugun kaloriak edo energia igo egiten ditu.

Argi dago, beraz, bi kirol mota horiek osasunarentzat onuragarriak direla eta ideala biak jorratzea izango dela. Baina, gure asmoa koipea galtzea baldin bada, zein da hobea? Zer dio zientziak honen inguruan?

Ba zientziak argi dauka, azken urteotako ikerketen arabera, indarra lantzea hobea dela koipea galtzen joateko. Horren arrazoia aurrerago aipatu dugun metabolismoan duen eragina da. Egia da kardioa egiten dugun bitartean indarra egitean baino kaloria gehiago erretzen dugula, baina indarra lantzeak egun osoan zehar du eragina metabolismoan. Hala, indarra landuz gero, lo gaudenean ere kaloria gehiago erreko ditugu, eta horrek asko lagunduko digu koipea galtzen. Gainera, horrek yo-yo edo errebote efektua ekiditen laguntzen du.

Beraz… DENAK INDAR EGITERA!!!!!