Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Katearen azken mailarekin jolasean"

2017/03/28
Tesia egiten ari diren Aurre-Doktore Ikertzaileek azken asteetan zehar jasan duten egoera ekarri nahi dut argitara ale honetan. Otsailean sare sozialen bidez jakin izan zuten euren kontratu mota aldatu egin zela 2015eko abenduan, Espainiako Gobernuaren agindu baten ondorioz. Kontratuan kodigo aldaketa bat egin zen obra eta zerbitzu motakoa izatetik praktiketakoa izatera pasatuz, atzerako eraginarekin, 2014tik sinatu ziren kontratu guztietan. Horrez gain, 2016tik aurrera sinatutako kontratu berriak praktika motakoak zirela ere ohartu ziren. Eta hori guztia, kaltetuei era ofizialean ezer jakinarazi gabe edota aldaketak izan zezakeen ondorioen informaziorik azaldu gabe gertatu zen, ziurgabetasun itzela sortuz.
Aldaketa Espainia mailan ezarri da eta Hego Euskal Herrian 400 ikertzaileengan du eragina, gutxi batzuk Eibarkoak. Denen artean, Euskal Herriko Aurredoktoreen Asanblada sortu eta martxoaren 15-ean elkarretaratze bat egin zuten UPV/EHUko 3 campusetan aldi berean. Helburuak, kontratu motaren aldaketaren inguruko desadostasuna adieraztea, aldaketen aurrean gardentasuna aldarrikatzea eta horren ildotik, ikerkuntza sektoreak jasaten duen prekarizazioa salatzea izan ziren. Mobilizazioen oihartzunak, kontratu aldaketa berbera jasan duten Postdoktoreak Ikertzaileak ere Asanbladara bildu zituen, elkarrekin Euskal Herriko Ikertzaileen Asanblada eratuz.
Badirudi, protesten aurrean Gizarte Segurantzak kontratuen kodigoaren leheneratzea hasi duela, 401 kodigora bueltatuz. Bestalde, UPV/EHUko Errektoretzak elkarrizketa mahaian biltzeko eskaria luzatu dio Asanbladari. Ikertzaileak data zehaztu dadin zain daude baina beraien eskaera kodigoen aldaketa soila baino haratago doa: langiletzat onartuko dituen kontratu propio, egonkor eta duin bat aldarrikatzen dute, Aurre eta Post-Doktore Ikertzaileen eskubide eta interesak bermatuko dituena.
Egoeraren jarraipen bat egin nahi duenarentzat eskuragarri daude asanbladak sortutako estekak sare sozialetan:
https://www.facebook.com/predoc.asanblada/
https://twitter.com/predoc.asanblada