Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Kobratzeko eguna"

2020/01/11
Gure aita zenak tailer txiki bat zeukan -taller mecánico jartzen zuen enpresa-zigiluan-, Errekatxuko aldaparen hasieran. Batez ere, chispak eta extractorrak egiten zituen eskopetarako, eta herriko armagin asko zituen bezero. Gero, hilaren azken egunean, faktura kobratzera joan behar, noski, haietako bakoitzaren egoitzara. Fakturak kobratzea hiru bat orduko ibilbidea zen, bisitatu beharreko tailerrak herri osoan sakabanatuak zeuden eta. Ni hamabihamahiru bat urterekin hasiko nintzen amari laguntzen langintza hartan. Ama baitzen fakturak kobratzera joaten zena. Gurasoek agiri bat sinatzen zidaten eta hilero arratsalde bat libre izaten nuen ikastetxean.

Eguna eta ordua heltzen zirenean, aurreneko lana zen fakturak ordenean jarri eta ibilbidea zehaztea. Gurea, gutxi gorabehera, honakoa izango zen: Errekatxu (Pedro Arrizabalaga) – Txantxazelai (Hijos de Aramberri eta Txopitea) – Urki (Martin Amuategi) – Ubitxako errebuelta (JA Belategi) – Elgeta kaminoa (Gorosabel) – Isasi (Arana) – Ardantza (Paulino Larrañaga) – Musategi (Laurona) – Jardineta (Martin Ugarteburu eta Union Armera) – Ibargain (Crucelegui Hermanos) – Pagei (Luis Arrizabalaga) – Coliseo atzea (Antonio Madariaga eta Pedro Irusta) – Ibarkurutze (Vda. e Hijos de JJ Sarasketa) – Estazio kalea (Zubillaga) – Estazio gaineko zubiondoa (Armas Ego) – Matsaria (Agote) – Grabadoreak (Victor Sarasketa, eta 10 zenbakian, Andres Alberdi gure osaba) – Urkusualde (Trust eibarrés) – Txontako sarrera (Larrañaga) – Bidebarrieta behea (Uriguen, eta 33 zenbakian, Unamunzaga) – Fundidoreak (Armas Garbi) – Arane bidea (Jose Arostegi) – San Agustin zeharkalea (Francisco Anitua).

Laster asko ikasiko nuen lan batzuk eskolara joatea baino garrantzitsuagoak zirela. Eta eskarmentu hori ederki baliatuko nuen ondoko urteetan, noizbehinka eskolatik piper egiteko.