Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Koronabirusa dela eta ez dela"

2020/07/24
COVID-19-aren txertoa lortzeko “lehiaketa” mundial batean buru belarri murgilduta gaudela, astelehenean jakin genuen Oxford-eko Unibertsitateak aurrerapen handiak egin dituela. Txerto eraginkorrenaren bilaketa prozesuan bitxia da ikustea nola ikerketa talde gehienak birusa aztertzera egokitu diren, jorratzen duen gai zientifikoa edozein dela ere. Izan ere, informazio orok lagundu dezake txertoa sortzeko bide luzean: birusaren egitura, bere bide molekularrak, datu epidemiologikoak, biztanle taldeetan sortutako sintomak eta albo kalteak...

Ondorioz, zenbait datu xelebreren berri izaten dugu astero. Adibidez, EEBB-etako zenbait ikerketa talde eta Madrilgo hainbat ospitaleen arteko elkarlanak azaldu berri du COVID-19-a eta burusoiltasunaren artean erlazio estua egon daitekeela. Ikerlan honetan, birusak kutsatutako paziente talde txikiak aztertu zituzten eta larri ospitalizatutako ehuneko handi bat gizonezkoak eta burusoilak zirela ondorioztatu zuten. Dirudienez, gizonezkoetan ugaria den eta besteak beste ilearen erortzea eragiten duen hormona taldeak (hormona androgenoak), koronabirusa biriketako zeluletara sartzea erraztu dezake. Horrela, arrisku handiagoa egongo litzateke hori hedatu eta pneumonia bezalako konplikazioak sortzeko.

Argi dago emaitza hauek orokortu aurretik paziente talde handiagoetan aztertu behar dituztela. Guzti honekin, burusoilen artean alarma sortu baino, informazio baliagarria lortu da birusaren prebentzioa lantzeko eta sintoma larrien tratamenduan aurrerapenak egiten jarraitzeko, kasu honetan burusoiltasunaren aurkako farmakoen osagaietatik abiatuta.

Bitartean eta txertoa iritsi arte, badakizue, transmisio komunitarioa galarazteko maskara erabili! Albistean gehiago sakondu nahi duenak, “Journal of American Academy of Dermatology” aldizkari zientifikoan eskuragarri du artikulua (DOI: 10.1016/j.jaad.2020.05.079).