Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Kuartela"

2019/02/24
Eskuartean dut "Apaizak ere torturatuak" liburu argitaratu berria, eta bertan, Eibarko kuartelean igarotako gau baten lekukotasuna ematen dute Juan Mari Zulaika eta Felipe Izagirre fraide frantziskotar ohiek, 1968ko ekainean, Txabi Etxebarrieta etakidearen erailketagatik egindako protesta-manifestazio batean atxilotuak izan ostean: “Armen gelan eduki gintuzten gau osoan, kulatekin kolpeka, ostikoka, txandaka denek parte harturik, deskantsurik gabe jo eta jo. Gu biok haien kolpeetatik eskapa ezinik ibili ginen, mahai azpira edo mahai gainetik saltoka. Gerritik behera, ipurdi, izter eta hankak zeharo ubelduta laga zizkiguten”

Nik orduan hamaika urte eta Isasi gainean ikasten nuen. Eskolako lagunik onenetako bat Ceballos nuen: mutil alai eta sanoa ez ezik, futbolari bikaina. Aita guardia zibila zuen, eta horrenbestez, kuartelean bizi zen, anaia nagusia eta gurasoekin. Behin jakinarazia zidan zein zen euren etxebizitza, –Zezen Plazaren izkinako gorengoa, alegia–, eta harrezkero, inguru hartatik pasatzean, beti begiratzen nuen nire lagunaren etxeko balkoira; inoiz haren ama ikusi ere bai bertan, zapiak eskegi edo jasotzen.

Larunbat arratsalde batez, Isasiko ikastetxetik irten, eta nora jo ez genekiela, kuartel aurreko plazan azaldu ginen hiruzpalau lagun. Aspertuta geunden, eta halako batean Ceballosek kuartel barrura sartzeko gonbita egin zigun. Gonbitak eragindako harridura gainditu ondoren, haren atzetik joan eta pilota-hotsak entzuten ziren aldera zuzendu ginen. Han, hainbait gizon gazte sasoikoak pilotan ari ziren frontoian, eskuz, elastiko hutsean, eta eurekin jolastera animatu gintuzten.

Asko maite nuen Ceballos, gaur Juan Mari eta Felipe beste.