Malen Illarramendi
Malen Illarramendi

"Kutsadura akustikoa ote?"

2018/11/05
Inork ez ditu ukatzen mugikorraren abantailak: uneoro konektatuta egon gaitezke, berehalako mezuak bidali eta jaso ditzakegu, edozein informazio kontsultatu dezakegu, argazkiak eta bideoak egin eta jaso... Kontaezinak dira ia gure gorputz-atal bihurtu den tramankuluak ekartzen dizkigun onurak.
Aurrekoan autobusean nindoala, ordea, horiek guztiak zalantzan jartzen zituen egoera bat bizi izan nuen eta zer pentsatua eman zidan. Ordu eta pikuko bidaia egin nuen, goizean goiz abiatu nintzen, lo egiteko asmoa nuen eta… autobuseko bidaiarien sakelakoen  zaratari esker, usteak erdia ustel bihurtu zitzaizkidan: ondokoaren Whatsapp-ak jotzen ez bazuen, atzekoaren musikak jotzen zuen, edo aurrekoak topera jarritako bideoak edo audioak, eta horrela beteta zihoan autobuseko bidaiari ia guztien mugikorren zaratetatik pasatu arte; zer esanik ez, norbaitek deia jaso eta autobusean gindoazen guztiok ondo entzuteko moduko elkarrizketa hasten zuenean. Onartzen dut autobusa ez dela lo egiteko lekua, esaten nion neure buruari nuen amorrua eta logura baretu nahian, baina zergatik jakin behar dut nik auskalo zeinen amari lanean gertatutakoa? edo badakit zeinen aitona gaixorik dagoela?
Seguru nago, irakurri ahala, denoi etorri zaizkizuela gogora antzerako gertaerak, izan autobusean, trenean, taberna bateko komunean, igogailuan zein imajina dezakezuen  lekurik itxienean eta txikienean. Hausnarketarako gaia izan daiteke; ez dago zalantzarik intimitate eskubidea errotik hausten dugula. Kutsadura akustikoa ote?