II
II

"Ni, Eibar " (Ekhi Belar)

2020/11/26
Aurreko artikulu batean egin bezala, Eibar izeneko pertsonaia baten istorioa ekartzen dizuet. Eibar Coa Venezuelako jockeyari buruz jardun nuen orduan eta Eibar Gutierrez musikari kolonbiarra aurkeztuko dizuet orain. Badirudi Eibar izena modan zela Hegoamerikan, Eibarko hiriaren edertasunak liluratuta, noski.

“Jainkoaren semea”, dio Eibar Gutierrezek bere Instagrameko profilean. Ez, ez da Jesus, akordeoi-jolea da. Jendeak ezizen apalagoa jarri dio, ‘Kaleko juglarra’, dibinitate gehiegirik gabe.

Eibar Rafael Gutierrez Barranco Valleduparren jaio zen, vallenatoaren sorgunean. Vallenatoa Kolonbiako Karibeko eskualdeko musika mota tradizionala da, eta zuk eta nik dantzatu ezin ditugun doinuak ditu. Shakiraren abestiren baten entzungo zenuen berba hori, baina agian mozkorregi zeunden Koskor tabernan dantza egin nahian.

Bere aitak, Rafael Gonzalez Mojicak, gitarra eta akordeoia jotzen zituen, baina semeak arkitektura ikasi nahi izan zuen. Itxurakeria hutsa, barrenean zeraman juglarra berehala irten zelako.

Kantu kantari dabil ordutik eta, antza denez, demaseko arrakasta eta izena du Kolonbian, baina ez Wikipediako orri bat edukitzeko beste.

Aktore lanetan ere ibili da Israel Romerorena egiten Rafael Orozco abeslaria zenaren omenezko telesailean. Badakizue nortzuk diren? Ezta nik ere.

‘Eterno abril’ diskoa egin zuen 2000. urtean eta bertan aurkitu ditzakegu ‘Gota a gota’, ‘El cacharrito’ eta ‘La puya no es buya’ abestiak. Ez dakit Spotifyren zentsura pasa dutenik, baina bere Jainkoa enteratzen bada…

Musikari kolonbiarra izateko, Eibarrek ez du eskandalu sonaturik. Bere historian ez dago drogaren kontsumoarekin zerikusia duen istoriorik, ezta sexu aferarik ere... Jainkoaren bidea jarraitu du. Aita maitagarria da, senar aparta, eta ziur plastikoa eta errefusa bereizten dituela birziklatzeko orduan.

Hau da Eibar Gutierrez, ‘Kaleko juglarra’. Oso interesgarria bere bizitza, ezta? Ezetz? Ba gutxienez ez dut COVIDaz berba egin.