II
II

"Txantxazelai " (Pedro Alberdi)

2018/10/01
Txantxazelain jokatzea gauza handia zen, dudarik gabe, baina konplikatua ere bai, neurri batean. Taldeak ematen zizkigun lanak. Bi aukera genituen: betiko talderen batean sartu edo berria sortu. Bigarrena zailagoa zen; izan ere, alde batetik, lagun-koadrila handia behar zen talde bat osatu ahal izateko, eta bestetik, pertsona nagusiren baten laguntza behar zen manager funtzioa betetzeko, zeren hamaika edo hamabi urteko umemokook ezin baikenuen inola ere geure kabuz talde bat eratu eta are gutxiago Direktibak eskatzen zuen dokumentazioa tramitatu.
Giro horretan, talde batzuk hobeto moldatuko ziren, nolabaiteko babesa zutelako –izan auzoarena (Trueno/Amaña, Txistu/Ipurua, Amiter/Sansaburu), izan herriarena (Euskalduna/ Plaentxi), edo ikastetxearena (Corazonistas, Salleko)–; beste batzuek, aldiz, nekez lortuko zuten zazpikoa zelairatzea.
Nire lehen taldea Corazonistas izan zen. Txapelketa bakarra jokatu nuen eurekin. Kitto. Handik gutxira, larunbat iluntze batean, txirrina jo zuten gure etxean. Ama atera zen nor zen ikustera. Bi ahots. ¿Vive aquí Pedro Maria Alberdi? Amak baietz. ¿Y está en casa? Baietz, ostera. ¿Podemos hablar con él un momento? Amak deiadar egin zidan kanpora atera nendin. Eta atera nintzenean, Agote anaiak aurkitu nituen ateburuan. Ederra sustoa.
Ez dut gogoan lehendik haiekin sekula hitz egina nintzen ala ez, baina banekien nor ziren, –Zazpi Gazteko jefeak, hain zuzen–, eta eurekin jokatzea proposatu zidaten. Baietz erantzun nien. Eta baiezko hark, futbol-taldea ez ezik, lagunarte jostalari, gogotsu eta animoso bat eskaini zidan, mende erdi eta gero bizi-bizirik dirauena.