Iratxe Gimenez
Iratxe Gimenez

"Ni izan naiz"

2017/07/10
Gizakiak egiten dituen sorkuntzen aurrean duen erreakzioa, bakoitzak duen ingurugiro eta izaeraren arabera dator neurri handian. Bansky grafiteroa artista iheskorra da. Bere manager ohiak haren benetako izena munduan 15 lagunek bakarrik zekitela zioen. Edozein kaletako horma hondatu marrazki batekin balioan jartzeko gai den bakarrenetarikoa da. Orain dela egun batzuk bere berri izan dugu,     Dj batek haren izena nahi gabe esan duelako irratian: Robert. Massive Attack taldearen Robert del Naja omen da. Fanny-ri musika egitea gustatzen zitzaion. Eta ona zen. Oso ona. Aita bankaria zuen eta heziketa jasoa eman zien bere semeei. Batez ere gizonezkoei. Fanny konpositore itzela izanda, berak egindako lanak argitaratu nahi zituen, baina aita Abrahamek bere anaiaren izenean sinatzeko agindu zion: F. Mendelssohn. Historiak dio garaikidea izan zen ingalaterrako Victoria erreginari gehiago gustatzen zitzaizkiola Fannyren abestiak anaia Félixenak baino. Alfredo Galán Sotillok hiltzea erraza zela erakutsi nahi zion munduari. Eta harro sentitzen zen bizitza kentzeko zuen erraztasunarengatik. Bere hilketak sinatzen zituen. Karta bat botatzen zuen gorpuen gainean: hiru kopakoa, as bat... 2003an Puertollanoko komisaldegian bere burua entregatu zuen arte. Ni izan naiz eta harro nago. Prentsara salto egiten duten askoren izenak ego-z puztuta daudela pentsatu dezakegu, Alfreto Galánen kasuan bezala. Baina kulturaren kasuan, autoreak mimatu behar ditugula pentsatzen dut. Egileak zaintzea ideia berriak bermatzea da. Musika ezberdinak sortzea, kanta berriekin oraindik hunkitzen garela konturatzea (Despacitorekin ez zait gertatzen, zorionez) gauza handia da... horregatik egiten zait gero eta eramangaitzagoa SGAE-ren ustelkeri kasu berri bat agertzen den bakoitzean eta autoretzaren gurpilean beste makil bat sartzen dutenean. Ramoncín, nos tienes fritos!