Iker Aranberri
Iker Aranberri

"Nostalgia"

2016/07/15
Azken urteetan Donostiari lotutako hainbat proiektutan lan egitea egokitu zait, tartean Urumea ibaiari protagonismoa itzuli nahi dion HidroLogikak egitasmoa. Donostia, hain hiri turistikoa izanik, hondartzei eta itsasoari begira bizi izan da azken urteetan, ibaiari bizkar emanez. Urumeak duen ingurumen-aberastasuna ezezik, bere aberastasun soziala eta kulturala aldarrikatu nahi ditu egitasmoak, hainbat mendetan zehar bere ertzetan bizi izan direnen izaera eta bizimodua zizelkatu dituelako.
Eibarren egoera oso antzekoa dela iruditzen zait. Gure herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen Ego ibaia ezkutatu egin dugu, zentzu figuratiboan (inolako funtziorik betetzen ez duela uste dugu, ia-ia bere existentzia bera ere ahaztutzeraino) eta literalean (etxe eta errepideekin estali dugu zatirik gehienetan, ikusteko deseroso den hautsa alfonbra azpian ezkutatzen dugun bezala). Aurreko astean Oier Gorosabelek Eibar.org-en Birjiñapeko pasabideari buruz idatzi artikulo batean Ego ibaia agerian zegoeneko argazki eta planoak ikusi nituen, eta nostalgiak barrenean ziztatu zidan (bide batez, nola senti daiteke nostalgia, ezagutu ez dituzun garai batzuekiko?).
Eibarko kaleetatik, bertako asfaltoaren eta porlanaren gainetik oinez zoaztenean, gelditu pausoak; pentsa oinen azpitik Ego ibaiak bere bidea egiten jarraitzen duela. Eta zuek ere gure guraso eta aiton-amonek ibaia bizi eta ibaiaz gozatzen zuten garaiekiko nostalgia sentituko duzue.