Arantza Alvarez
Arantza Alvarez

"Pribatutasuna sexu-harremanetan"

2016/10/28
Gaur egun pertsonen pribatutasunari garrantzi handia ematen zaiola pentsatu dezake batek baino gehiagok. Datu pertsonalen protekziorako legeak bermatzen du eman dugun informazio pertsonala ez dela beste helburu batzuetarako erabiliko, soilik  une horretan aukeratu dugun xedearekin erabiliko dela, alegia. Ematen du gure datuak (helbidea, telefonoak...) edozeini ez ematearen kontzientzia zabalduta dagoela gizartean. Baina, bestalde, ez zaigu hainbeste inporta beste pertsonen kontu pertsonalak eta askoz ere intimoagoak direnak argitara ematea.
Honekin orain dela gutxi Eibar Foball taldeko bi jokalarirekin eta ezagutzen ez dudan (eta ezagutu nahi ez daudan) neska batekin zoritxarrez gertatukoaren gainean dihardut. Gertakari horrek jendearen artean zera eragin behar zukeelakoan nago: indiferentzia edo axolagabetasuna.
Gertakari hau hasieran guztiek adostutako sexu-elkartze pribatua izan zen. Antza denez, hiru helduek grabazio bat egitea erabaki zuten, hau ere elkarrekin adostutakoa eta pribatua. Eta hor amaitzen da istorioa... edo amaitu beharko luke!
Ba ez... Lehenengo akatsa: pribatua zen bideoak sarera salto egin zuen eta arlo publikokoa izatera pasatu zen. Eta, kasu honetan, ez zegoen adostasunik tartean zeuden pertsona guztien artean. Bakoitza libre da bere bizitzarekin eta sexualitatearekin zer egin nahi duen erabakitzeko, besteak errespetatuz eta norbere burua errespetatuz. Gertakariaren zein momentutan erabakitzen du baten batek hain eduki intimoa duen bideoa zabaltzea? Nahiz eta “bakarrik lagun batekin partekatu”, jakin badakigu morbo kaltegarriak bideo hori berehala hedatzea ekarriko duela. Baldarrak gara gero!...
Eta erantzunkizuna ez dago bakarrik hedapen hau hasten duenaren gainean. “Niri pasatu egin zidaten eta orduan...” aitzakiarekin leku guztietatik zabaltzen ahalbidetzen eta laguntzen ari gara. Nolako errreztasunarekin konpartitzen ditugun mugikorretako edukiak! Zelako erreza den guri eragiten ez digunean! Zer gertatzen da? Ez daukagu arreba, alaba edo lagunik emakume horren lekuan jartzeko? Eta guk, emakumeook, gutako bati buruzko horrelako zerbait hedatzea lagatzen dugu eta berdin zaigu?
Hiru helduen bideoa sexua praktikatzen... ez da hain misteriotsua, ezta? Zabaltzerakoan ez dakit kontziente garen pertsona inplikatuak daudela eta euren nahia honek guztiak inoiz galdu behar ez zukeen pribatutasuna berreskuratzea izango dela.