Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Sansaburu"

2018/03/25
Zazpi urterekin Isasiko praileetan hasi nintzenean, egunero bi aldiz egiten nuen eskolako joan-etorria, Calbeton 22/Untzaga/Isasi kale-lerroari jarraituz. Ikasturte erdian, ordea, etxebizitzaz aldatu ginen Bista Ederrera, eta aldaketa horrek hankaz gora jarri zuen nire mundu txikia. Alde batetik, eskola urrutiago nuen; itzuleran, adibidez, lehengo bideaz gain, atzean utzi behar nituen San Andres parrokia, Ignacio Anituako aldapa eta Agirre y Aranzabal tailerra. Bestetik, beste lagun batzuk bilatu beharrean nintzen, izan ere, ez nuen lehengoetara joaterik, Eibarko Txikito eta Bista Ederreren artean ez baitzegoen pasabiderik. Eskolako bidelagun berrien artean, bazen Sansaburuko mutil luze samar bat, ni baino urtebete zaharragoa, eskolan ikaskide nuena eta futbolean ondo jokatzen zuena: Mitxel Sarasua. Ezkerra hankaz, jokalari ez ezik, atezain bikaina zen. Esango nuke haren bitartez hasi nintzela Sansaburura igotzen oporraldietan. Hango etxeartean lasai egin zitekeen futbolean, autoen ardurarik gabe. Agustin Olivan eta Jose Luis Zallo ziren kapitainak; euren inguruan, berriz, mutiko-koadrila zalapartaria: larreategitarrak, bollaindarrak, bilbaotarrak, Luis Alberto, Mikel lehengusua,… Gainera, auzoak bazuen bere futbol-tradiziotxoa Amiter taldearekin. Talde hura, gu baino lauzpabost urte zaharragoko gazteez osatua, Txantxazelaiko txapelketan lehiatzen zen, aldian behin. Bestalde, baziren neskatila polit askoak ere. Guk begiratzen genien, baina eurek ez gintuzten ikusten. Eta besterik ezinean, euren alde eta euren familiakoen alde errezatzen genuen. Nik, behintzat.