Sarean harrapatuta
Instagramen sartu, storieak ikusi, scroll egin, like eman, scroll. TikTok-en sartu, scroll egin, like eman, scroll. Instagramen sartu, Reelak ikusi, scroll, like, scroll.
Instagram eta TikTok aipatu ditut Facebook, X edo edozein sare sozial aipa nezakeen moduan. Jokaera berdina guztietan. Eta gaizki dagoela jakin arren, zaila egiten zait honen kontra egitea. Armiarma-sare (sozial) batean harrapatuta nago eta armiarmak Algoritmo izena du, gaixoa ni!
Sarean harrapatuta nagoela, gertatzen zaizkidan gauza askotaz konturatzen naiz. Azkenaldian, ez naiz hain sortzailea, erraz galtzen dut arreta, gauzak ahazten ditut, hitzak trabatzen zaizkit… Tontoagoa sentitzen naiz. TikTok-eko bideo batean (nola ez) ikusi nuen garuna ez dela egun batetik bestera apurtzen, baizik eta eutsi egiten diola, moldatu egiten dela, zaratara ohitzen dela: gu geu menpeko garen zarata etengabera.
Imajinatu mahaian eseri eta etengabe jaten hasiko bagina. Plater bat bestearen atzean, beteta egon arren, jan eta jan, gozatu gabe, urdailari digestioa egiten utzi gabe. Kasu hipotetiko horretan, behintzat, botaka egin genezakeen. Informazioz gainezka gauden mundu honetan, ordea, ezin dugu botakarik egin. Ez bota, ez gorde. Iruditzen zaigu ikasten ari garela, baina distrakzio hutsa da. Ez gara gogoratzen kontsumitzen dugun eduki gehienaz; ez joan den astean ikusitako bideoaz, ezta hiru scroll lehenago ikusitakoaz ere.
Sukaldaritzako aholku bat. Finantzazko beste bat. Gerrari buruzko albiste bat. Bideo barregarri bat. Zarata, etengabeko zorabio-sentsazioa. Bideo azkarren plataforma hauetara sartzen naizenean, askotan gogaituta bukatzen dut. Ihesbide baten bila sartzen naiz, askotan beharrezkoa, entretenitzeko asmoz, eta bat-batean, denborak ihes egin eta hor barruan ordubete pasa dudala konturatzen naiz. Nolanahi ere, aplikazioa itxi orduko ez naiz ezertaz oroitzen.
Isiltasuna behar dugu ideiak antolatzeko, konponbideak aurkitzeko, oroitzapenak sortzeko, ikasteko, gure erabakien kontrola berreskuratzeko. Baina ez diogu gure buruari uzten.
Aspertzera noala sentitzen dudanean, mugikorra hartu eta scrolling-aren gurpilean sartzen naiz. Noiztik ez zara aspertzen? Aspertzea garrantzitsua da, boteretsua da. Aspertzen zarenean denbora motelago pasatzen da. Aspertzea hain azkar doan mundu hau moteltzeko ahalmena da. Superboterea.