Iker Aranberri
Iker Aranberri

"Trumplinton"

2016/10/21
Gauzak sinplifikatzea bezalakorik ez dago arazoen benetako muina erabat desitxuratzeko. Askotan esan izan da AEBetako bi alderdi boteretsuenak, alegia alderdi demokrata eta alderdi errepublikarra, gure inguruan aurki ditzakegun ezker eta eskuin aldeko alderdiak bezalakoak direla. Hots, demokratak ezkertiarrak eta errepublikarrak eskuinekoak. Uste dut dagoeneko denok dakigula ezin dela hainbeste sinplifikatu, eta bi alderdi horiek, zerbait izatekotan, hemengo eskuina eta ultraeskuina liratekeela.
Buruz-buru dabiltza lehian berriz ere bi alderdi horiek, azaroaren 8an izango diren hauteskundeetarako borrokan, bi alderdi nagusien hautagaiak, Donald Trump eta Hillary Clinton epelak esaten elkarri. Eta gure artean ez dira gutxi esaten dutenak Clinton litzatekeela aukera ez hain txarrena. Gauzak asko sinplifikatzea iruditzen zait hori. Badakit norbaitek irabazi behar dituela hauteskundeak, eta badakit Trumpek emakumeen, etorkinen eta homosexualen aurka demasak esan dituela, edota nazioarteko politikan oso ikuspegi kontserbadorea, eskuindarra eta belizista duela. Baina ez da ahaztu behar, esaterako, siriarrek edota libiarrek, besteak beste, sufritu izan dituztela Hillary estatu idazkari zeneko bere botere-nahi inperialisten ondorioak.
Ez zaitzatela engainatu. Ez hartu arnasa lasai Hillaryk irabazten badu, ezta ez kezkatu behar baino gehiago ere Trump gailentzen bada. Espainiako errege katolikoak zirenak bezalaxe, Clinton ala Trump, Trump ala Clinton, biak txarrak eta inor ez on.