Iratxe Gimenez
Iratxe Gimenez

"Ustelkeria eta marradun soinekoa"

2016/10/28
Oporretara joaten garenean egunerokotasunera lotzen gaituzten hari ikusezinak apurtzen saiatzen gara askotan. Baina, zoritxarrez, badago gai bat txokorik lasaienean ere ezagutzen dena: ustelkeria.
Vietnam komunismo bipolarra sufritzen duen nazioa da. Kaleetako kartel handiek eta bost puntadun izarrek ezin dute estali bertako gizarteak dituen desorekak eta orokortutako korrupzioa. Saigoneko parke batean esertzen bazara, nerabe talde batek inguratzeko arrisku larrian zaude. Euren ingeles maila neurtu nahi dute eta ez diote so egingo zure begirada errukiorrari edo aurpegi gorrituari. Ingelesa praktikatu nahi dute eta listo. Hasieran amarrutzat hartu nuen elkarrizketa interesgarria suertatu zen. Thung 22 urteko ingeniaria zela esan zidan. Japoniera ikasten ari zen Japonen lan egiteko asmoa zuelako. Ondoren bueltatu egingo zen... (“horrelako gazteekin, nazio honek itxaropena du”, pentsatu nuen) ...eta orduan, osatutako kurrikulum-arekin funtzionario sartzeko aukera asko izango zituen. Hori lortzean, ustelkeriaren gurpilaz gozatuko zuen. Horrela esan zidan, gordin. Hori plangintza!
Andaluziako taberna batean, gizon batek bertako ERE auzia ez zuela ondo ikusten esan zigun, “jendeari laguntzeko bideratu zelako dirua, Robin Hood-ek egiten zuen bezala”. Ustelkeria ulertzeko modu horiek orain dela hilabete batzuk sarean zabaldu zen marradun soinekoa gogorarazi zidaten, bakoitzak kolore ezberdinekin ikusten genuena. Gure onurarentzat baldin bada, urre kolorekoa ikusten al dugu korrupzioa? Andaluziako gizon horrek kolore zuri neutroan ikuskatzen al zuen? Estatuko boto emaileen gehiengoak badirudi urdin ilun kolorea hartzen diola bakarrik, eta ez beltza. Azken hauteskundeen emaitzak hori diote behintzat.