Malen Illarramendi
Ze demontre!
2019/03/07
Amaren sabelaren barruan nago. Bai goxo nagoela babesleku honetan! Ez dut hemendik irten nahi! Neska jaioko naiz; hau zorigaiztoa! Kanpoko ahotsak barruraino iristen dira eta ez zait entzuten dudana gustatzen. Ez dut gustuko kanpoan aurkituko dudana neska izate hutsagatik. Ez dut hemendik irten nahi!! Ez dut txikitatik printzesa banintz bezala tratatzea nahi, ezta arrosa kolorez janztea eta panpinez inguratuta haztea ere. Ez dut beldurra izan nahi etxera bakarrik joaten naizenean, ezta kirola egitera ateratzen naizenean ere. Ez dut inork ni bortxatzea nahi; ez dut inoren menpe bizi nahi, ezta inork ni gutxiestea ere. Ez dut diru gutxiago kobratu nahi gizonezko batek egindako lan beraren truke; ez dut bikotekideak jo nazan nahi, ezta berea naizela pentsatzea ere. Ez dut inoren sexu-objektua izan nahi, ezta inork nire ordez erabaki dezan ere. Minigona jantzi nahi dut, inork pentsatu gabe probokatzen ari naizela eta horrek nahi duenerako eskubidea ematen diola. Mutila izatea litzateke konponbidea, erraza. Akabo aipatutako bidegabekeria guztiak! Baina nik neska izan nahi dut eta gizonezko guztiek dituzten eskubide berberak izan; eta horren alde borrokatu; eta ozen esan borroka hau ez dela emakumeon kontua bakarrik, gizarte osoarena baizik. Ze demontre! Martxoaren 8an jaioko naiz.