#ABIAN Debabarreneko Enplegu eta Lanbide Heziketa Azoka aurkeztu dute gaur Ipuruan

#ABIAN Debabarreneko Enplegu eta Lanbide Heziketa Azoka aurkeztu dute gaur Ipuruan
2017/03/22 20:29
eta kitto!
Gaur goizean Ipuruan eman duten prentsaurrean aurkeztu dute #ABIAN Debabarreneko Enplegu eta Lanbide Heziketa Azokaren hirugarren edizioa SD Eibar Fundazioak, Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeek eta Debegesa garapen agentziak. Urte birik behin egiten den ekimena aurten ere Armeria Eskolako patioan izango da, datorren astean, martxoaren 29tik 31ra bitartean. Aurkezpenean esandakoari jarraituta, “Debabarreneko udalek, Debegesaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek antolatutako #ABIAN azokak, modu aktiboan lan bila dabiltzanen, ikasleen, lanbide heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko elkargune izan nahi du. Oraingoan, gainera, 72 lanpostu eskainiko ditu eta, oraingoz, horiek betetzeko interesa dutenen 220 curriculum jaso ditugu”. Lan bila dabiltzatenek Debegesaren webgunean jaso dezakete lan-eskaintzen berri (www.debegesa.eus) eta izena ere bertan eman beharko dute. Azoka aurreko egunetan lehen hautaketa prozesua egingo da eta, azkenik, martxoaren 29an, 30ean eta 31an, azokan bertan, talentu eta profesional bila dabiltzan enpresek lan-elkarrizketak egingo dituzte

Eskualdeko eskaintza formatiboa zuzenean erakutsiko duten erakustokiez gainera, azokak tailerrak eta hitzaldiak eskainiko ditu, irekiak eta doakoak, bereziki, langabezian daudenei zuzenduta. Azaldutakoaren arabera, azokak eskualdeko eskaintza formatibo zabala eman nahi du ezagutzera, eta Lanbide Heziketa lan merkatuaren egungo beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa nabarmentzea du helburu, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko lotura erakutsita. Zentzu horretan, Debegesak bere tokia izango duela aurreratu dute. Gerturatzen direnek, lan-eskaintzen berri jaso ahal izango dute, zalantzak argitu, ekintzailetzarekin loturiko informazioa eskatu edota aholkularitza jaso ahal izango dute. Halaber, LANBIDE ere presente egongo da azokan eta kudeatzen dituen lan-eskaintzen berri emango du. Horrekin batera, bisitariek eskualdeko eskaintza formatibo zabala eta eskaintzen diren titulazio ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute. LHko ikastetxeek stand propioa izango dute, eta Erdi Mailako eta Goi Mailako espezialitate guztiak zuzenean erakutsiko dituzte. Gaur egun Debabarrenean 45 bat ziklo formatibo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, eta 2.000 inguru ikasle daude matrikulatuta.

Hitzaldiak, solasaldiak eta doako tailerrak

#ABIAN azokak hitzaldi, solasaldi eta doako tailerrak hartuko ditu ekintzailetza eta lan-bilaketa ardatz hartuta. Eguaztenean azokak goizez irekiko ditu ateak (10:00etatik 14:30era), eta 12:00etan irekiera ekitaldia egingo da. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak, Marcos Murok, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako zuzendariak, Antton Tomasenak. Ekitaldiaren ostean, hitzaldien txanda izango da. ADEGIko Ezagutzaren kudeaketa eta Prestakuntzako zuzendariak, Mikel Sarriegik, “Lanbide Heziketa eta Enpresa: Erronkak eta aukerak" hitzaldia eskainiko du. Jarraian, “Formazioa eta enplegua, zailtasun egoeran dauden pertsonen gizarteratzea lortzeko ardatz nagusiak” hitzaldia emango du Aitor Avila hezitzaileak eta Kalexka Elkarteko koordinatzaileak. Eguenean, berriz, goiz eta arratsaldez zabalduko dute (09:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:30era) eta, bereziki, ekintzaileei zuzenduta egongo da, besteak beste Debegesak eta Daitekek autoenplegua sustatzeko eta ekintzailetza laguntzeko tailerrak eskainiko dituzte eta. Eta hirugarren eta azken egunean 09:00etatik 14:30era zabalduko dute eta bereziki interesgarria izango da langabezian daudenentzat. Saio eta tailer hauek guztiak irekiak eta doakoak dira. Informazio gehiago: www.debegesa.eus.

Ekimenak SD Eibar Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuaren, Obra Social La Caixaren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du. Halaber, eskualdeko bederatzi enpresek bat egin dute #ABIAN Azokarekin: Danobat Group, IK4-Tekniker, Egile, EPC, Alcorta, Etxe-tar, Kirolbet, Urkotronik eta AGME.

abian aurkezpen02