Eibarko EH Bilduk SEPEren aurrez aurreko arreta berreskuratzea eskatu du

Koalizioak salatu du langabezian dauden herritarrek beste herri batzuetara joan behar izaten dutela SEPEren izapideak egitera, eta udal-gobernuari egoerari buruzko azalpenak eta konponbidea eskatu dizkio.
Eibarko EH Bilduk SEPEren aurrez aurreko arreta berreskuratzea eskatu du
2026/11/20 14:01
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EH Bilduk SEPEren (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) aurrez aurreko arreta berreskuratzeko eskatu du, langabezian dauden herritarrek beste herri batzuetara joan behar izaten dutelako izapideak egitera. Koalizioak gogorarazi du LAB sindikatuak Eibarko bulegoaren funtzionamendu-arazoak salatu zituela 2025eko irailean, eta, hamalau hilabete baino gehiago igaro diren arren, egoerak konpondu gabe jarraitzen duela adierazi du.

EH Bilduk azaldu duenez, gaur egun, Eibarren aurrez aurreko arreta behar duten herritarrek Debabarrenetik kanpoko bulegoetara jo behar izaten dute. Horrek "denbora, gastuak eta zailtasun gehigarriak dakartza, bereziki langabezia-egoeran dauden eta zaurgarritasun ekonomiko berezia bizi dezaketen pertsonentzat", adierazi du koalizioak.

EH Bilduk azaldu du 2025eko irailean, LABek egoera salatu ostean, PSE-EEren eta EAJ-PNVren udal-gobernuari azalpenak eskatu zizkiola. Garai hartan, Jon Iraola alkateak SEPEren bulegoa irekita zegoela eta normaltasunez funtzionatzen zuela defendatu zuen, eta LAB sindikatuaren jarrera kritikatu zuen. Sindikatuak, ordea, bulegoa herritarrentzat itxita jarraitzen zuela berretsi zuen, hitzordurik ez zegoelako.

Ondoren, alkateak zerbitzua berreskuratzeko kudeaketak egiten ari zirela jakinarazi zuen. EH Bilduren esanetan, ordea, ordutik ez da herritarrentzako konponbiderik iritsi. Koalizioaren ustez, bulegoa fisikoki irekita egoteak ez du esan nahi herritarrek bertan behar duten arreta jasotzeko aukera dutenik. "Garrantzitsuena ez da bulego bat fisikoki irekita egotea, herritarrek bertan behar duten zerbitzua jasotzeko aukera izatea baizik", adierazi du.

1.619 pertsona langabezian Eibarren

EH Bilduk egoera bereziki kezkagarria dela adierazi du, Debabarrena Gipuzkoako langabezia-tasarik handiena duen eskualdea dela argudiatuta. Eibarren, 2026ko urrian, 1.619 pertsona zeuden langabezian, Debabarreneko langabe guztien % 55 inguru.

Koalizioak emandako datuen arabera, langabe horietatik 960 emakumeak dira, 801ek 45 urte edo gehiago dituzte eta 142k 25 urte baino gutxiago. EH Bilduren esanetan, "zenbaki horien atzean prestazioak eskatu, gorabeherak konpondu eta administrazio-izapideak egin behar dituzten pertsonak daude".

Azkenik, koalizioak gogorarazi du SEPEren kudeaketa ez dagokiola zuzenean Udalari, baina udal-gobernuari eskatu dio egindako kudeaketen eta jasotako erantzunen berri emateko, baita konponbidea lortzeko emango dituen hurrengo urratsak zehazteko ere. Era berean, Espainiako Gobernuari Eibarko bulegoan aurrez aurreko arreta eta hitzorduak lehenbailehen berrezartzeko eskatzeko galdegin dio udal-gobernuari.