Alkateak Sahararako elikagai-bilketarekin bat egitera animatu nahi ditu herritarrak

Alkateak Sahararako elikagai-bilketarekin bat egitera animatu nahi ditu herritarrak
2017/01/24 16:38
eta kitto!
Mendebaldeko Saharako kanpamenduetan bizi direnei laguntzeko asmoz urtero egiten den elikagai-bilketari babesa eman dio gaur Miguel de los Toyos alkateak. Beste urte batzuetan egindakoaren bidetik, gaur eguerdian Urkiko Eroskin hainbat elikagai erosi eta horiek batzeko dagoen kutxan laga ditu. Adierazi duenez, “arroz, pasta edo lekale batzuk erosteak guri ahalegin txiki bat baino ez digu eskatzen, baina eurentzat garrantzi handia dauka, hemen erositakoekin jende askok jango du eta”.

Piztu Itxaropena karabanarako janaria batzeko kanpaina urtarrilaren amaiera arte egongo da martxan eta, urteroko moduan, Eibar-Sahara elkartekoek ere kanpainarekin bat egin dute. Lagundu nahi duenak urtarrilaren 31ra arte izango du aukera, arroza, pasta, azukrea, lekaleak eta kontserbak (atuna eta sardinak) erosita. Eibarren, Eroskin (Urki, Ipurua eta Urkizun), El Corte Inglesean, Isasi okindegian, Villalban eta BM supermerkatuan dihardute kanpamenduetara bidaltzeko produktuak batzen.

sahara janari1sahara janari bilketa