Domekan Untzagan egingo den azokarekin abiatuko da Debabarreneko VI. Aste Ekologikoa

Domekan Untzagan egingo den azokarekin abiatuko da Debabarreneko VI. Aste Ekologikoa
2017/09/28 eta kitto!
Asteburu honetan, domekan hasiko da Debabarreneko VI. Aste Ekologikoa, Eibarko VI. Azoka Ekologikoarekin. Eibarko udala, Debemen eta Biolur elkarteak antolatutako azoka Untzagan egingo da, goizeko 10:00etatik14:00rak arte eta, aurreko edizioetan bezala, gure baserrietako produktu desberdin asko ezagutzeko eta erosteko aukera izango da. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, “azokan egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: modu ekologikoan zainduak eta era artisau batetan elaboratu egin direla. Honek zer esan nahi du? Modu laburrean azalduta, natura, animali eta gizakien osasun eta etorkizuna errespetatzen eta kaltetu gabe ekoiztuta izan direla. Abantailak asko dira, ekoizpen ekologikoek gure osasunaz gain gure ingurunea zaintzen dituztelako modu iraunkor eta jasangarri batetan”. Azokari esker,  ekoizleek salmenta burutu eta bide batez kontsumitzaileak informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko aukera edukiko du, bertan egongo baitira produktu horiek ekoizten dituztenak: “Edozein zalantza argitzeko edo galderak egiteko aukera paregabea izango da”.

Horrez gain,  azokaren inguruan beste ekintza batzuk egingo dira: ekoizleak ezagutzeko elkarrizketak, azokako produktuekin osatutako otarren zozketa... Goizean zehar hainbat tailer burutuko dira: Ogi tailerra, Eibarko Sosola baserrikoen eskutik (10:00etatik 14:00etara), landaketa tailerra (11:00etan) eta “Askari osasuntsua” tailerra (11:00etan).

Partehartzaileak:

- Goiabe (Aia). Ogia, gozogintza, pintxoak.

- Mireia Segura (Zumaia). Umeentzako arropa ekologikoa.

- Placido Tainta (Falces). Baratxuriak.

- Aitor Bastarrika (Zarautz). Arropa.

- Pikunieta (Antzuola). Gazta.

- Sosola (Eibar). Ogia, gazta.

- Txillarre (Elgoibar). Barazkiak.

- Jose Lizarralde (Zumarraga). Intxaurrak.

- Aikur (Urretxu). Eztia.

- Bodegas Mendiko (Aibar). Ardoa.

- Ekoalboraz (Elgoibar, Mutriku). Barazkiak.

- Mariaje Revuelta (Aretxabaleta). Barazkiak.

- Doniene (Itziar). Barazkiak.

- Aldaba (Tolosa). Ogia, gazta.

- Itxoste (Soraluze). Mermeladak, kombucha.

- Lonbide (Aretxabaleta). Barazkiak.

- Joseba Baez (Idiazabal). Gazta.

- Txaramela (Muskiz). Pasta.

- Luz (Peralta). Olioa.

aste ekologikoa

Azokaz gain, astean zehar  baserrietara bisitak egiteko aukera izango da:

  • Urriak 4, eguaztena


Doniene  Berri baserrira (Itziar). Baratzazaintza ekologikoa. 18.00etatik 20.30etara.

  • Urriak 5, eguena


Basailun baserrira  (Mutriku). Frutazaintza eta baratzezaintza ekologikoa. 18.00etatik 20.30etara.

Bisitak doan izango dira eta izen-ematea BIOLUR elkartean izango da, 943761447 telefonoan.

Ekolapiko Eguna urriaren 7an

Eta urriaren 7an, egitaraua biribiltzeko Ekolapiko Eguna antolatu dute Eibarren, Urkizuko parkean: tailerrak, antzezlanak eta umeentzako jolasak eskeiniko dira, goiz eta arratsaldez. EKOLAPIKO bertako baserrietan sortutako elikagaiekin, elikadura ekologikoa eta osasuntsua eskoletako jangeletan txertatzeko proiektua da.