Eguenera arte egongo da martxan Kultura Digitalaren Astea Eibarren

Eguenera arte egongo da martxan Kultura Digitalaren Astea Eibarren
2018/03/20 eta kitto!
Martxoaren 22ra arte egingo den Kultura Digitalaren Astearen harira, barixakuaz geroztik teknologia berrien inguruko edukiak lantzeko prest dagoen autobusa dago Untzagan, jubilatuen aldean. Denis Itxaso Kultura eta Gazteriaren Diputatuak, Miguel De los Toyos alkatearekin batera egindako aurkezpenean azaldu zutenez, “ekimenaren helburu nagusia sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea da”. Horregatik, sare sozialak gehien erabiltzen dituztenengana, hau da, gazte eta nerabeengana ailegatu nahi dute batez ere eta, horretarako, “KULTURA DIGITAL@: erabilera ona eta sorkuntza” goiburuari jarraituta, ekintza eta jarduera eskaintza zabala antolatu dituzte datozen egunetarako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak, Eibar, Tolosa, Ordizia, Errenteria eta Arrasateko udalekin eta Kode Eskolarekin elkarlanean antolatutako aste hauekin “haurren eta gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzean aurrera egitea eta garapen kulturala eta soziala ahalbidetzea” nahi dute. Azaldutakoaren arabera, Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzua alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko bidean lanean ari da, eta baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere: “Hain zuzen ere, helburua da nerabe eta gazteen prestakuntza eta garapen pertsonaleko prozesuan sartzea sarearen eta teknologia berrien erabilera, modu aberasgarrian eta berdintasunezkoan, mundu digitalean ongi moldatzeko behar dituzten tresnak eskainiz”.

Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, “gazteak hezteko eta sareak eta Internetek dituzten arriskuetaz kontziente izateko” lanean ari da Aldundia. Itxasoren berbetan, “teknologia berriak gure bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatzen ari dira, eta egoera honen aurrean, umeek, nerabeek eta gazteek ez dute esperientziarik edota kanpoko erreferentziarik planteatzen zaizkien egoera eta erronkei aurre egiteko”.

Alkateak azpimarratu zuenez, “komunikatzeko eta harremanak izateko molde sozialak nabarmen aldatu dira eta, testuinguru horretan, bereziki garrantzitsua da teknologia berriek ekar ditzaketen arriskuen aurrean ahulenak diren erabiltzaileak prestatzea eta informatzea. Baliabide berriak behar bezala erabiltzen erakusten bazaie, haien eguneroko komunikaziorako tresna baliagarri eta eraginkor izan daitezke”.

Kultura Digitalaren Astearen barruan hainbat jarduera antolatu dituzte. Alde batetik, ikasgela ibiltarian  programazio-tailerrak eskainiko dira; eta bestetik, haurrei, gazteei, gurasoei eta arloko profesionalei zuzendutako hainbat hitzaldi, tailer eta ikuskizun egingo dira. Gainera, ikastetxeei ere parte hartzeko aukera berezia eman zaie. EGITARAU OSOA IKUSTEKO HEMEN SAKATU.

kulturadigitala

Kulturadigitala.eus webgune berria

Kultura Digitalaren Asteak kulturadigitala.eus webgune berria izango du. Bertan, asteetako programazioaz gain, haur, nerabe, gazte, familia eta arloko profesionalentzako baliabideak eskainiko dira, besteak beste, haurrentzako liburu digitalak jaisteko aukera ere egongo da.