Eibar Merkataritza Gune Irekiak deskontu-bono kanpaina berria aurkeztu du

Eibar Merkataritza Gune Irekiak deskontu-bono kanpaina berria aurkeztu du
2017/03/24 eta kitto!
Udaberriaren harira, herriko dendetan deskontuarekin erosteko bono-kanpaina berria ipini dute martxan Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartekoek eta gaur eguerdian horren aurkezpena egin dute udaletxean Alberto Albistegi Garapen Ekonomiko zinegotziak, Ana Aranberri EMGI-ko presidentak eta Vanessa Torre Eibarko Dendarien Elkarteko presidentak. Aurrekoetan egin dutenaren bidetik, kanpainari esker 40 euro ordainduta 50 euro gastatzeko txartela jasoko du hala nahi duenak. Bonoak jasotzeko elkartearen bulegora (Untzaga, 7; Artola aldamenean) joan beharko da, astelehenean hasi eta txartel guztiak amaitu arte. Bonoak, berriz, astelehenetik aurrera egindako erosketetan erabiltzeko aukera izango da, apirilaren 29ra arte. Oraingoan, berritasun modura, kanpaina sektoreka egitea erabaki dute. Lehen fase honetan, bonoak kanpainarekin bat egin duten 70 bat dendatan erabili daitezke, baina beti ere pertsonen ekipamenduari lotutako produktuetan (besteak beste, arropa eta konplementuak, oinetakoak, barruko arropak, optika eta audiozentruetako produktuak eta bitxitegietakoak erosteko). Horren ostean, maiatza eta ekainean beste sektore batzuetan gastatzeko kanpainak egingo dituztela aurreratu dute.