Eibarko liburutegiak hizkuntzen autoikaskuntzarako "Elegunea" interneteko ataria sortu du HABEko liburutegiarekin batera

Eibarko liburutegiak hizkuntzen autoikaskuntzarako "Elegunea" interneteko ataria sortu du HABEko liburutegiarekin batera
2017/02/08 09:40
eta kitto!
Eibarko Juan San Martin Liburutegiak eta Donostiako HABE Liburutegiak elkarlanean sortu duten hizkuntzak ikasteko baliabideen ataria da Elegunea (http://www.netvibes.com/elegunea) Bertan, hizkuntzak ikasteko Interneten dauden dohaineko baliabideak bildu dituzte.  Gaur egungo gizarteak dituen premiei erantzuna eman nahi izan diete: "Gizarte eleaniztunago batean denok ikasi behar izango dugu bizitzaren momentu batean edo bestean, maila batean edo bestean, gurea ez den beste hizkuntza bat. Gure liburutegietatik saiatu gara herritarrek duten behar horri erantzun egoki bat ematen, gure funtsetan hizkuntzak ikasteko materialak jasoz eta premia horiei atentzio berezia emanez. Baina gure Liburutegietan ditugun materialez gain, badakigu Interneten geroz eta baliabide gehiago daudela hizkuntzak ikasteko, eta pentsatzen dugu gure egitekoa dela informazio hori antolatu eta gure erabiltzaile eta herritarren eskura jartzea".

Zer topatuko dugu Elegunera hurbiltzen denak?
Elegunean Interneteko baliabideetarako sarbidea eskaintzen da URL bidez. Elegunea hizkuntzen arabera dago antolatua: euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta beste hizkuntza batzuk. Gainera badu azken toki bat hiztegi eleaniztunak biltzen dituena. Hizkuntza bakoitzean aurki daiteke, batetik, hizkuntza hori lantzeko baliabide orokorrak, bestetik, dohaineko ikastaroak eta, baita, mintzamena, entzumena eta irakurmena lantzeko materialak eskaintzen dituzten tokiak ere. Elegunea proiektu irekia da eta "baliabide berriekin elikatzen jarraitzeko pentsatua dago. Eta eguneratua izateko ezinbestekoa da erakunde, herritar eta, bereziki, liburutegien ekarpena jasotzea". Zentzu horretan, dei zabala luzatu nahi dute, proiektu hau martxan jarri duten liburutegiekin harremanetan jarri eta proposamenak luzatzeko.

 

Autoikaskuntzarako edo informaziorako Liburutegiak egindako beste atari batzuk

Autodidakta, dena jakiteko ilusioa: http://www.netvibes.com/autodidakta

Lan bila bazabiltza, hasi biharrian!: http://www.netvibes.com/enplegua

Eskolako lanak (umeei etxera eramaten dituzten lanetarako laguntza): http://www.netvibes.com/eskolako_lanak