Eibartarren Ahotan zaharberritua aurkeztu dute

Eibartarren Ahotan zaharberritua aurkeztu dute
2016/10/21 eta kitto!
Ego Ibarra batzordeak 1999. urtean sortu zuen Eibartarren Ahotan proiektuan hainbat hobekuntza eta berrikuntza egin dituzte eta gaur eguerdian horiek aurkeztu dituzte udaletxean Idoya Sarasketa Ego Ibarra batzordeburuak, Codesyntax enpresako Mikel Larreategik eta Asier Sarasua Badiharduguko presidenteak. Azaldu dutenez, "gure herriko historia eta etnografia sakonean aztertzeko helburuz jaio zen proiektua, Eibarko memoriaren, historia hurbilaren eta ondare kulturalaren berreskurapenean beste pauso bat emanez". Izan ere, proiektuaren sorreratik hona elkarrizketatu dituzten eibartarren testigantzek gure herriko historia bizia, liburuetan jasotzen ez dena kontatzen digute eta etorkizunean ere hor egongo dira, atzetik datozenentzat. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso zuen 2000-2002 bitartean eta tarte horretan egin ziren elkarrizketarik gehienak: 250 eibartar baino gehiago elkarrizketatu ziren, eta jasotako material guztia katalogatu, etiketatu eta gorde zen. Eta horretan aitzindari izan dira Eibartarren Ahotan proiektua, Ego Ibarra Batzordea eta Eibarko Udala. Gogorarazi duten moduan, "azken 15 urteotan egin diren beste hainbat egitasmoren muinean dago proiektu honek ezarritako filosofia eta lan moldea".
 Eibartarren Ahotan proiektuaren lehenengo bertsioa 2003an argitaratu zen, baina harrezkero ere proiektuak bizirik jarraitu du, elkarrizketa gehiago eginez eta materiala katalogatuz. Urte hauetan ondorengo materiala batu da Eibarko Udal Artxiboan gordeta dagoen Eibartarren Ahotan bilduman: 400 elkarrizketa inguru, 150 zinta minutuka etiketatuta eta katalogatuta (guztira, 3.000 pasarte baino gehiago) eta 500 pasarte transkribatuta eta beste 500 bideo-pasarte online ikusgai.
Hori guztia ahalik eta modurik errezenean eskuragarri ipintzeko asmoz, azken urtean azpiegitura teknikoa hobetzeko lanak egin direla esplikatu dute: "2003. urtean ezarritako azpiegitura egokitu eta eguneratu da, gaur egungo behar eta ezaugarri tekniko berrietara egokituz. Azpiegitura berri hori da oraingo honetan aurkezten duguna. Lehengo edukiarekin, baina itxuraz eta (batez ere) teknikoki hobetuta. Berrikuntza hauei esker, Eibarko ahozko ondarea errazago eta erosoago kontsultatu ahal izango dute erabiltzaileek, egindako aldaketei eta gehitutako erraztasunei esker".

ahotan