Amaiur Mayo, errugbilaria: “Emakumezkoen errugbiak etorkizun polita dauka Eibarren”

Amaiur Mayo, errugbilaria: “Emakumezkoen errugbiak etorkizun polita dauka Eibarren”
2018/01/12 11:09
eta kitto!
Avia Eibar Rugby, eta Gipuzkoa eta Euskadiko selekzioarekin jokatu ostean, Espainiako selekzioaren deia jaso du Amaiur Mayok. Lehen aldiz jokatuko du Espainiako selekzioarekin, eta toki gutxi Glasgow baino onagoak debut hori egiteko. Mayo urtarrilaren 19tik 22ra joango da selekzioarekin Eskoziara eta 21ean lagunartekoa jokatuko du ‘karduaren hamabostekoaren’ aurka.

 

-Espainiako selekzioaren deia jaso duzu. Sorpresa?

Sorpresa handia! Pare bat urtetan gogor aritu naiz lanean, baina deia ez zen heltzen... orain arte.

-Hala ere, deia iritsi zitekeela antzeman zenezakeen?

Entrenatzaileekin egindako lanean eta batekin eta besteekin berba eginda, bai irten da gaia. Euskadiko selekzionatzaileak ere esan zidan ea zergatik ez zidaten deitzen. Baina egia esan ez nuen espero, horrelako deia jasotzea izugarria da.

-Euskadiko selekzioarekin, hala ere, sarritan aritu zara.

Azkeneko bi urteetan erregulartasunez jokatu dut Euskadirekin eta azken bi partiduetan kapitaina izan naiz. Poliki-poliki gora egin dut. Orain jauzi bat gehiago emango dut. Azken finean, maila handiagoko jokalariak izango ditut alboan zein aurrean.

-Errugbilari eta errugbizale moduan zer suposatzen du Eskozian jokatzeak?

Izugarria da! Aurrekoan Madrilen jokatu zuten Espainia eta Eskoziak elkarren aurka, eta orain Glasgowen jokatuko dugu. Eskozian bertako selekzioaren aurka jokatzea itzela da. Jokalari berri asko egon dira deialdi honetan, zuzenean ikusi eta, ondo eginez gero, selekzioaren dinamikan sartzeko. Espainiako emakumezkoen errugbi selekzioa Europako txapeldun izandakoa eta Mundialean zortzigarren postua lortutakoa da. Emakumezkoen errugbi selekzioak maila dauka eta ondo jokatzen du.

-Eta maila horretara iritsi zara!

(Barreak) Pozik nago, ezin sinestuta. Deia jaso nuenetik jendeak zoriontzen nau, baina oraindik ez naiz jabetzen. Eskoziara heldu eta entrenatzen hasi arte ez nahiz ohartuko hau guztiaz. Beste errugbi mota bat ikusiko dudala uste dut.

-Modu bereziren batean prestatuko zara zita horretarako?

Bi urte nabil gogor lan egiten eta entrenatzaileek esan didate orain larregi ez entrenatzeko. Deialdiarekin urduri edo emozionatuta egonda lesioren bat heldu daiteke, beraz, berdin jarraitzea gomendatu didate. Normal ari naiz entrenatzen, eta berez asko entrenatzen dut. Gainera, uste dut Eskozian ere asko entrenatuko dugula, beraz, hobe da han nekatzea.

-Eibarko emakumezkoen taldeak izan duen hobekuntzaren seinale da zure deialdia?

Demaseko hobekuntza izan dugu azken urteotan. Aurreko urtean ez genuen partiduak irabazteko esperantzarik ere, baina oso ondo hasi ginen eta neurketak irabazten joan ginen. Hor hobekuntza nabarmena eman zen, baina aurten are gehiago. Entrenatzaileak maila altua jarri du eta gelditu nahi zuena taldean geratu da. Taldeak bere maila asko hobetu du eta horrek eragina izan du maila indibidualean ere. Euskal Herriko taldeen maila igo egin dela esango nuke eta konpetentzia handiagoa da. Horrek ere lagundu digu maila hartzen. Normalean pare bat talde egon dira aurreko postuetan eta besteak desastre hutsak izan gara, baina aurten lehia gehiago dago.

-Nola zabiltzate aurten?

Orain arte bigarren postuan aritu gara eta Gaztedirekin lehian ibiliko gara bigarren postu horren bila. Aurreko asteburuan jokatu behar genuen euren aurka, baina neurketa ez zen elurrarengatik jokatu. Eurei irabaztea oso zaila da, handiak direlako eta jende beteranoa dutelako.

-Zergatik eman da hobekuntza hau emakumezkoen taldean?

Entrenatzaileen gauza izan dela uste dut. Orain dela bi denboraldi etorri ziren eta kluba hankaz gora jarri zuten. Cristina gure entrenatzailea buru-belarri jarri zen gurekin lanean eta demaseko entrenatzailea da. Aurretik izan ditudan entrenatzaileekin ere oso gustura aritu naiz, baina Cristinak beste metodo bat dauka eta aldaketa handia egitea lortu du. Talde askotan jokatu du, gurekin ere aritu zen iaz lesionatu arte eta berak jarri du taldeak behar zuen puntua. Bestetik, jende berria sartu da taldean, gazte asko. 27 urterekin taldeko beteranoetako bat naiz, beti gazteenetakoa izan ostean. Taldeko gazteek maila badaukate gaur egun, pentsa nolako maila izan dezaketen hamar urte barru. Hobetzeko tarte handia daukate eta gogo askorekin daude. Emakumezkoen errugbiak etorkizun polita dauka Eibarren. Orain, gainera, gauza gehiago entzuten da gure inguruan eta beste modu baten ikusten gaituzte.

-Nolako bidea egin duzu hona iritsi arte?

16 urterekin hasi nintzen errugbian, ondo pasatzeko, beste barik. Gero lanean egon nintzen hainbat urtetan, baina errugbia beti gustatu izan zait eta lana amaitu zitzaidanean buru-belarri jarri nintzen errugbiarekin. Zorionez, berehala iritsi zitzaizkidan emaitza onak eta pixkanaka gorantz joan naiz.

-Oso zorrotza da errugbia?

Nortasunaren arabera modu batean edo bestean hartu dezakezu. Jokalari batzuk gutxi entrenatuta irteten dira zelaira, baina gero eta gehiago entrenatuz gero zugan konfiantza hartzen duzu eta hori zelaian igartzen da. Askoz gusturago jokatzen duzu, ez duzu sufritzen, albokoak ere ondo pasatzen du... Eibarko taldean denak gaude inplikatuta eta uste dut horregatik moldatzen garela hain ondo. Talde bat gara.

-Espainiako selekzioaren deia jaso ostean, zein erronka daukazu orain?

Hanka bat sartu dut selekzioan, baina bigarrena ere sartu behar dut. Hor geratzea lortu nahi dut eta erronka zaila da. Bidea ez da hemen amaitzen, hemen hasten da!

-Eibar bezalako talde txikian arituta ez da erraza izango Espainiako selekzioak deitzea, ezta?

Hori izan da arazoa orain arte. Nahiko atzean egon gara sailkapenean eta orokorrean Ohorezko Mailan ari diren jokalariei deitzen die. Euskal selekzioan aritzeak lagundu didala uste dut.

-Beste talde batera jauzi egiteko aukera ikusten duzu?

Nire asmoa aurten Getxon jokatzea zen, baina entrenatzaileak geratzeko eskatu zidan eta horrela egin nuen. Gero, Gabonen aurretik berriz izan nuen joateko aukera, baina taldekide bat lesionatu zen eta Eibarren geratu nintzen. Emaitzak ikusita, pozik nago. Ondo gabiltza eta ez dakit nora helduko garen, baina guk borrokatuko dugu. Bestetik, zaila da taldea uztea, taldea sortu zenetik ari naizelako hemen eta sentimendua handia delako.