Andrea Covadonga, aktorea: “Eskoletan gertatzen diren arazoak islatu nahi ditugu”

Andrea Covadonga, aktorea: “Eskoletan gertatzen diren arazoak islatu nahi ditugu”
2018/03/23 eta kitto!
Hilabete batzuetan lanean ibili eta gero, gutxi falta da Mogel Isasi BHI-ko ikasleek prestatu duten musikalaren emanaldirako. Apirilaren 20an 18:00etan aurkeztuko dute ‘Isaskara’ Coliseoan, institutuko eguneroko arazoak islatuko dituen ikuskizuna. Ikasleek hainbat profesionalen laguntza eta gidaritza jaso dute antzezlana prestatzeko. Adibidez, Andrea Covadonga antzezle eibartarra interpretazio eta kantu zuzendaritzaz arduratu da.

 

- Zer moduz doaz ‘Isaskara’ ikuskizunaren prestaketak?

Oso ondo! Hasieran lan gogorra izan da, zerotik hasi garelako, baina behin martxa hartuta oso ondo doa. Jokin Bergarak idatzi du ikuskizunaren testua eta gure eskutik sortu da lan guztia. Antzerki musikala zer den jakitea ere zaila da eta horren inguruko guztia ulertzea ez da gutxi.

- Ikuskizunaren inguruko zerbait aurreratu daiteke?

Hiru talde batu gara ikuskizuna egiteko eta eskoletan gertatzen diren arazoak islatu nahi ditugu antzezlanean. Bullyinga, arrazakeria, ikasleen arteko harremanen gora-beherak (taldetxoak sortu eta pertsona ahulenarengana joaten direla, adibidez), eta abar. Gero, atzerritar bat etorriko da eskolara eta beste ikasleek onartzen duten ala ez ikusiko da.

- Ikasleek sortutako ikuskizuna da, baina ikasleei zuzenduta dago edo helduentzat ere bada?

Gaztetxoei begira egindako ikuskizuna da, baina baita gurasoentzat ere, ikastetxe barruan zer gertatzen den ikusi ahal izango dutelako. Gurasoek eskolan gertatzen denaren berri entzun dezakete, baina beharbada ez dakite ondo benetan zer gertatzen den. Umeak oso onak izan daitezke etxean, baina ikastetxean edo kalean beste kontu bat izan daiteke.

- Musikala eskainiko duzue. Formatu horretan egiteak erronka zaildu du?

Kantuan, dantzan eta antzezten ibiliko dira ikasleak, dena zuzenean. Erronka zaila izan da elkarrekin ez dauden hiru talde direlako, eta denak elkartzea konplexua izan da. Eskola orduetatik kanpo lan egin behar izan dugu eta ez da erraza izan.

- Ikuskizunaren interpretazio eta kantu zuzendaria zara. Zer moduzko lana da?

Ikasturtearen erdira arte ikuskizunaren testua albo batera lagata ibili gara lanean, eta hainbat ariketa eta jolas egin ditugu, beldurra kentzeko batez ere. Gero, testua hartu eta zerotik lantzen hasi gara. Kantatzeari dagokionez, ahotsa berotzen ikasi dugu eta abesteko beldurra kentzeko ariketak landu ditugu. Antzezlariek, gainera, dantza pixka bat ere egingo dute. Beraz, denetarik egingo dute.

- Antzeko esperientziarik izan duzu aurretik?

Hainbat eskoletan eman dut antzerkia, Bilbon eta Eibarren, eta orain Mendaron umeentzako antzerki-eskola txiki bat ireki berri dut.

- Nolako antzezle harrobia daukagu herrian?

Oso ona! ‘Isaskara’ ikuskizunean ari direnek aurretik ez dute antzerkirik egin eta ez dituzte oso barneratuta antzerkiko kontuak, baina poliki-poliki ikasten joan eta ondo moldatzen dira orain. Trebeak dira.

- Zuk txikitatik nahi izan duzu antzezlea izatea?

Bai, betidanik. Beti dantzan eta abesten ibiltzen ginen ahizpa eta biok etxean.

- ‘Isaskara’ ikuskizunaz gain, baduzu beste proiekturik esku artean?

Domekan ‘Erbia eta dortoka’ antzezlana aurkeztuko dugu Ugaon eta maiatzean ‘Pinotxo’-rekin hasiko gara.