Ane Areitioaurtena eta Iker Salas (sukaldaritza ikasleak): ”Klasera pozik eta ikasteko gogoarekin etortzen gara”

Ane Areitioaurtena eta Iker Salas (sukaldaritza ikasleak): ”Klasera pozik eta ikasteko  gogoarekin etortzen gara”
2016/11/04 eta kitto!
Ane eibartarra da eta Mogel Isasin ikasi zuen. Iker arrasatearra da, baina 4 urte daramatza Eibarren bizitzen.  17 urteko bi gazteek sukaldaritza ikasten dihardute Azitainen dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutoan. Zentru honetan eskaintzen diren sukaldaritza eta arotzeria irakaskuntzak Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren barruan daude, eta arrazoi desberdinengatik eskola porrota izan duten 15-16 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago. Hemen atera daitekeen tituloak gero  erdi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko aukera ematen du.

- Sukaldaritzako lehenengo mailan 16 ikasle inguru zaudete eta ia beste horrenbeste bigarrenean. Zer ikasten duzue?
Sukaldean danetik apurtxo bat ikasten ari gara: gozogintzan era askotako tarta eta gailetak, pizzak, tortillak, okela... Goizean 8etan hasten gara eta 14:30ean irtetzen gara. 12:00ak arte sukaldean egoten gara eta hurrengo bi orduetan klase normalak jasotzen ditugu: lengua, mate, gizarte, ingelesa... Sukaldean zerotik hasi gara, ezer jakin barik. Hasieran janaria ebakitzeko modu desberdinak erakutsi dizkigute (juliana, brunoise...) Sukaldeko makina eta tresna guztiak nola erabili behar diren ere erakusten digute. Astean bi egunetan barra zabaldu egiten dugu eta guk sukaldatutako janariak saltzen dizkiegu zentruko beste ikasleei. Sukaldaritzako bigarren ikasturtean janari landuagoak egiten ikasten da eta hemendik kanpo kateringak prestatu eta zerbitzatu egiten ditugu.

- DBHko 4. mailan zeundetela erabaki zenuten hona etortzea. Pozik zaudete aukeratutako bidearekin?
Hemen oso gustora gaude, esan daiteke gure lekua aurkitu dugula. Lehen, gure ikastetxeetan ez geunden bat ere gustura, ez zitzaigun gustatzen egiten genuena, baina hau desbedina da, eta etxera oso pozik bueltatzen gara. Batez ere alde praktikoa gustatzen zaigu, sukaldean lapiko artean egotean oso ondo sentitzen gara. Hemendik irtetzean, dena gainditzen badugu eta tituloa lortzen badugu, kirol gradu bat egitea gustatuko litzaiguke, eta hori ezin bada sukaldearekin jarraituko genuke. Hemen ikasten duguna baliogarria izango zaigu ostalaritzan lan egiteko.

- Lagun berriak egin dituzue hemen? Nolako giroa daukazue?
(Iker): Nik ez nuen inor ezagutzen, orain dela gutxira arte Arrasaten ikasten jardun dudalako. Hona etortzea gomendatu zidaten. Hasieran lotsa ematen zidan, baina orain, jendea ezagutu dudanean, oso gustora nago.
(Ane): Nik batzuk lehendik ezagutzen nituen. Eibarren denok elkar ezagutzen dugu. Nire anaia ere hemen egon zen ikasten. Ondo pasatzen dugu eta ikasi egiten dugu... beraz primeran! Klasera pozik eta ilusioarekin etortzen naizen lehenengo aldia da.