Axier Gisasola (Armeria Eskolako ikaslea): «Gure gaitasun profesionalak eta pertsonalak identifikatu ditugu»

Axier Gisasola (Armeria Eskolako ikaslea): «Gure gaitasun profesionalak eta pertsonalak identifikatu ditugu»
2017/06/02 eta kitto!
Axier Gisasolak Ignazio Zuloaga Institutuan batxilergo ikasketak amaitu eta gero, Armeria Eskolan “Podukzioaren  programazioa fabrikazio mekanikoan” zikloa egin du Ethazi (Etekin Handiko Zikloak) erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboa probatuz. Aurten jarri da martxan metodología hau Armeria Eskolan, elektronika, elektrizitatea, mekatronika eta fabrikazio mekanikoko ziklo gehienetan. Axierrek metodologia aproposa dela uste du eta errepikatuko luke teknika honekin funtzionatzen duen beste zikloren bat baina hobekutzak ere behar dituela azpimarratu du. (Argazkian Alex Pagaldai eta Axier Gisasola)


– Nolakoa izan da Ethazi-ren metodologia jarraitzea?
Egia esateko, sistema nahiko arraroa egin zitzaigun hasiera batean. 26 ikaslek hasi genuen zikloa, eta hiru irakasle bakarrik  egon dira. Lan munduarekin lotutako 7-8 erronka bidali dizkigute eta guk 8 taldeetan bilduta egin dugu lan. Azken finean, gure gaitasun profesionalak eta pertsonalak zeintzuk diren erakusteko balio izan digu. Bi gaitasun horiek haintzat hartuta, mundu profesionalerako prestatu gara, adibidez, taldean lan eginez edota jendaurrean aurkezpenak eginez. Hau guztia baloratu egiten zuten, esaterako talde-lanean jardun behar genuenean, bakarrik lan egitea eta abar.
– Hasiera batean bazenekien erronken bitartez ikasiko zenuela?
Ez. Guretzako sorpresa izan zen. Ziklora apuntatu ginenean ez genekien sistema honekin ikasiko genuenik, beste ziklo ”normal” bat zela uste genuen. Ikasturtea hasi zenean, irakaskuntza modua aldatu zutela esan ziguten eta erronken bitartez jardungo genuela.
– Nolako erronkak izan dituzue?
Adibidez, jostailuzko kainoia diseinatu  behar izan genuen eta talde bakoitzak bere diseinua egin zuen. Erronka polita izan zen. Interneten ideiak begiratu genituen eta pixkanaka fresagailuan eta tornuan landu genituen. Emaitza onak irten dira. Bestalde, esekilekuak ere egin ditugu, izan ere, ikasgelak berriztu zituzten eta ez zegoen esekilekurik. Beraz, orain geuk egindakoak daude. Talde bakoitzak bere proiektua egiteko, hasieran diseinua egin behar du, ondoren planoak egin, prozesu orriak bete,... eta amaitzeko klasearen aurrean aurkeztu. Kainoiaren kasuan bozkaketa ere egin genuen lanik txukunenak aukeratzeko.
– Pertsonalki positiboa iruditu zaizu irakaskuntza modua?
Bai, positiboa da, baina lehenengo aldia izan denez aldaketa batzuk ere egin behar direla uste dut. Aurten ikasle gehiegi izan garela esango nuke halako metodoarekin funtzionatzeko. Alde batetik irakasle gutxiegi zeuden eta bestetik material faltak ere eragina izan du. Denok behar genituen makinak lan egiteko baina ezin genuen aldi berean lan egin. Ikuspegi horretatik sarritan geldi egon behar izan gara, zain. Bestetik ordea alde positiboa ere badauka, gaitasun teknikoak lortu ditugula uste dut eta lan mundurako irtenbideak ere sortu zaizkigula. Berriz ere parte hartuko nuke halako programa batean, baina aipatu ditudan hobekuntzak kontuan hartuta.