Felipe Guisasola: “Teknimap-ek landutako proiektuak EAEko lurzoru kutsatuen tratamenduari erantzun nahi dio”
Eibarko Teknimap enpresak orain dela gutxi jaso du Bizkaia Lurra saria, ingurune naturala babesteko eta berreskuratzeko ekimen berritzaileak nabarmentzen dituen saria. Kutsatutako lurzoruen tratamenduarekin eta berreskurapenarekin zerikusia duen proiektu aitzindari batengatik saritu dute enpresa eibartarra. Felipe Guisasola zuzendariarekin hitz egin dugu, proiektu hori, Teknimap-en ibilbidea eta euskal industria-sareko ingurumen-erronkei buruz duen ikuspegia gertutik ezagutzeko.
Industriaren eta ingurumenaren arteko harremana, aspaldidanik, erronka handienetako bat da garapen-eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko. Testuinguru horretan, egoitza Eibarren duen Teknimap bezalako enpresek funtsezko zeregina betetzen dute. Ingurumen-aholkularitzan espezializatua, Teknimap-ek hiru hamarkada baino gehiago daramatza industriei eta administrazio publikoei irtenbideak eskaintzen, bereziki kutsatutako lurzoruen kudeaketan, ingurumen-ebaluazioan eta inpaktu-azterlanetan. Felipe Guisasola zuzendariaren berbak jaso ditugu.
Teknimap-ek Eibarko zigilua du, zalantza barik. Noiz jaio zen eta nolakoa izan da bilakaera?
Taldea eibartarrez eta inguruko herrietakoez osatuta dago; 20 lagun inguru gara. Ni ere Eibarkoa naiz, baina aspaldi bizi naiz Hondarribian. Teknimap Eibarren jaio zen 1993an, Tekniker eta Mapfreren eskutik. Gure jarduera-eremua ingurumena da: aholkularitza, zaintza eta ikuskapen lanak egiten ditugu. Orain dela 32 urte hasi ginenean, apenas hitz egiten zen ingurumenaz, eta gu "arraro" samarrak ginen. Harrezkero ingurumenak bilakaera handia izan du. Gauzak horrela, orain dela 10 urte hausnarketa sakona egin genuen. Eta argi ikusi genuen industriak ingurumenean eragindako arazoei irtenbideak emateko lan egin nahi genuela; aholkularitza enpresa bat izateaz gain, gure bezeroen ingurumen-portaeretan lagundu nahi genuela, eta gure hazkunde estrategia aliantzetan oinarrituko genuela. Konfiantzan oinarritutako aliantzak lortzea ez da erraza izaten, eta harro esan dezakegu lortu dugula enpresa desberdinekin elkarlana egitea. Bost konpainiarekin ditugu aliantzak: Ecodesign (ekodiseinua eta ekonomia zirkularra), Sondar eta Sondarlab (emisioen kontrola eta airearen kalitatea), Odournet (soluzio olfatometrikoak), Axioma (akustikoa) eta Talantia (lurzoruak konpontzea). Aliantza horiei esker, akreditazio-irismena handitu dugu eta, horrela, ikuskapen-zerbitzu guztiak eskaini ditzakegu.
Zeintzuk dira gaur egun bezeorek gehien eskatzen dizkizueten zerbitzu edo jarduera nagusiak?
Orain asko mugitzen ari da karbono-aztarnaren gaia. Enpresa batzuek legez karbono-aztarna kalkulatu behar dute, eta beste batzuk borondatez egiten ari dira, euren ingurumen-portaera hobetu nahi dutelako. Orain deskarbonizazioa enpresa handian dago, baina enpresa txiki eta ertainetara eta gizarte osora iritsiko da azkenean. Eta puri-purian dagoen beste gai bat ingurumen-aztarnaren kalkuluarena da, hau da, enpresak ingurumenean sortzen duen inpaktuaren kalkulua. Gero eta kontzientziazio handiagoa dago, eta Euskadin abantaila handia dugu. Zorionez, oraindik ere Euskal Herrian hemengo enpresarienak diren enpresa asko daude, eta horrek kontzientziatuago egotea eragiten du. Bestalde, bezero askok, halaber, euren produktuaren bizi-zikloa aztertu nahi dute, zein den ingurumen-inpaktua sortzen denetik amaitzen den arte.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Deia egunkariak antolatutako Lurra Bizkaia Saria 2025 jaso duzue,Talantia enpresarekin batera bultzatutako Aris proiektuan parte hartzeagatik.
Landu dugun gaia puri-purian dago, baina, hala ere, sorpresa handia izan da. Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru kutsatuen tratamenduari erantzun nahi dio. Ildo horretan, EAEko lurzoruaren % 1,3 kutsatuta egon daitekeela kalkulatzen da, neurri handi batean kea, burdina eta obra-hondakinengatik. Lur azpian ezkutatutako 13.000 futbol zelai baino gehiagoren pareko azalera litzateke hori. Euskal industria-ondarean, Eibarkoa kasu paradigmatikoa da. Aurreko mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, ia etxe guztien azpian tailer bat zegoen eta, beraz, potentzialki kutsatutako lurra. Ekografia batean bezala, Arisek erabiltzen duen teknologiak kutsatuta egon daitekeen lurraren bereizmen handiko irudiak lortzea ahalbidetzen du. Kokaleku bateko kutsadura non dagoen identifikatu eta mugatzen da. Beraz, eskabatzeko edo tratatzeko orduan dena askoz ere mugatuagoa dago. Eta kutsadura hori in situ tratatzeko aukera ematen dizu, material hori kentzea beharrezkoa ez denean. Horrek laguntzen du material gutxiago bidaltzen zabortegietara. Gainera, kutsatzaileen kontzentrazioa aztertzen duten gas-detektagailuak ditu.