Begoña Rivas, argazkilaria: “Irudi batek ez du hitzen premia eduki behar, dena esan behar du”

Begoña Rivas, argazkilaria: “Irudi batek ez du hitzen premia eduki behar, dena esan behar du”
2018/02/09 eta kitto!
Begoña Rivasen bizitzaren argazkian Eibar, Venezuela, New York eta Madrilgo paisaiak ageri dira. Hemen jaio, Hego Amerikan murgildu zen argazkilaritzaren munduan, Ipar Amerikan ikasi zuen eta Espainiako hiriburuan garatu du bere ibilbide profesionala. 23 urtean ‘El Mundo’ egunkariko argazkilaritza sailean lan egin eta gero, gaur egun Jot Down, Cambio 16, El Español eta beste hainbat hedabidetan ikusi ditzakegu bere argazkiak (eta baita bere webgunean –www.begonarivas.com-, eta bere Twitter eta Instagram kontuetan).

 

-Bazen behin New Yorkera argazkilaritza ikastera joan zen eibartar bat... Nola osatzen da istorio hori?

Beno, New Yorkera joan aurretik Venezuelara joan nintzen beste eibartar batekin lehenik. Kamera ederra neukan eta argazkilaritza asko gustatzen zitzaidan. Neure buruari egiten nizkion argazkiak.

-‘Selfiearen’ aitzindaria izan zinen!

(Barreak) Modu honetan asko ikasi nuen, argazkilaritzaren inguruan asko jakin gabe, sentsibilitate ezberdinak zituzten pelikulak zeudela ikasi nuen eta beste hainbat gauza deskubritu nituen. Venezuelatik bueltatzean oposaketa batzuk egiteko ikasten hasi nintzen Madrilen, argazkilari batzuen lagun egin nintzen eta New Yorkera joatea erabaki genuen hiru lagunek. Horietako bat Daniel Canogar zen, Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso zuena eta Rafael Canogar margolariaren semea. Eurak eskola garrantzitsu batean sartu ziren, eta ni ingelesa eta argazkilaritza ikasten hasi nintzen argazkiak positibatzeko laborategi batean. Hainbat gauza enkargatu zidaten, baina bisaturik ez neukanez bueltatu egin behar izan nuen.

-Madrilera?

Bai, Arte Garaikidearen museoan lanean hasi nintzen eta bertako artxiboa egin nuen 9x12 plakekin. Gero Reina Sofia museoa ireki eta horra pasa zuten artxiboa. Urtebete geroago prentsan hasi nintzen lanean. Ekonomia aldizkari batetik ‘El independiente’-ra pasa nintzen, eta handik ‘Telva’, ‘Bit’ eta ‘El Mundo’ egunkarira. 23 urte egin nituen ‘El Mundon’ eta ERE baten ondorioz irten nintzen handik. ‘El Mundon’ lanean negoenean ‘Jot Down’ webgunetik deitzen hasi ziren eta esklusibitate kontratua nuelako ezin nuen eurentzat lan egin, baina handik irtetean bai. Orain freelance moduan nabil lanean eta ‘XL Semanal’, ‘Marie Claire’, ‘El País Semanal’, ‘Cambio 16’ eta beste hainbat hedabiderekin egin dut lan.

-Zure ibilbide profesionala prentsan garatu duzu batez ere, baina hainbat erakusketa ere egin dituzu. Eguneroko lan errutinarioa eta sormeneko lan artistikoago bat uztartzeko modua izan da?

‘El Mundo’ egunkariko argazkilaritza saileko burua nintzenean nahiko lan errutinarioa neukan eta ez nuen argazkirik ateratzen. Orduan, husten zegoen Guadalajarako Casasana herrira joaten hasi nintzen bertako biztanleei argazkiak ateratzera. Horrelako gauzak egiten ditudanean erronkak jartzen dizkiot neure buruari eta, kasu honetan, ni baino zaharragoa zen ‘rolleiflex’ argazki-kamera batekin atera nituen argazkiak. Zoom eta bestelako errekurtsorik gabe moldatu behar izan nintzen, antzinako argazkilarien moduan, Cartier-Bresson eta horiek. Neure buruarentzat egiten nuen, baina jendeari gustatu zitzaion eta lana ‘Magazinean’ publikatu zuten, ‘El Mundoren’ igandeetako aldizkarian. Gero, lan hori beste hainbat tokitan erakusteko aukera ere izan dut.

-Erreferenterik badaukazu argazkilaritzan?

Mila erreferente izendatu ahal dizkizut eta inor ez aldi berean. Erretratugileak gustatzen zaizkit batez ere. Arnold Newman asko gustatzen zait; Annie Leibovitz ere asko gustatzen zitzaidan, baina orain ez hainbeste; eta Richard Avedonek liluratu egiten nau. Gero, argazkilari berri batzuk ere gustoko ditut, baina gero gustuak aldatu zaizkit. Nahiko aldakorra naiz zentzu horretan.

-Ibilbide luzea egin duzu, zure argazkiak toki garrantzitsuetan irten dira eta estilo bat ere markatu duzu. Argazkilari erreferentea zarela sentitzen duzu?

Ezta gutxiago ere! Oraindik ikasten jarraitu behar dudala pentsatzen dut. ‘El Mundotik’ irten naizenetik eboluzionatu egin dudala pentsatzen dut. Egunkariaren editorialari lotuta negoen eta orain libreago sentitzen naiz, gauza gehiago egiten ditut. Gainera, proposatu ditudan erreportaje gehienak publikatu dizkidate. Etengabeko eboluzioan nago.

-Inork baino hobeto jakingo duzu zuk. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du?

Batzuetan bai. Irudi batek ez du hitzik eduki behar, dena esan behar du. Irudi batek ez du mila hitzek baino gehiago balio behar, baina irudi batek ez du hitzen premiarik eduki behar.

-Zure objektiboaren aurretik hainbat pertsonaia famatu eta toki asko pasa dira, eta Eibar?

Eibar ez, baina Deba bai (barreak). Eibarrera joan beharko dut. Begira, nik bi argazkilari garrantzitsurekin ikasi dut (hauek bai erreferenteak direla esango nuke), Pierre Gonnord eta Douglas Kirklandekin. Gonnordek Leongo meatzariak eta Portugaleko ijitoak erretratatu ditu. Erretratuak margolanak bezalakoak izatea gustatzen zait eta berak hori egiten du. XVIII. mendeko margo flandriarren antzeko erretratuak ateratzen ditu. Kirklandek, bestetik, aktore ugari erretratatu zituen Hollywood punta-puntan zegoenean eta Marilyn Monroeri ohean (izara zuri batekin agertzen den argazki famatu horiek) argazkiak ateratzeagatik egin zen famatu. Berarekin egin nuen tailerrean gauza bitxi bat kontatu zigun. ‘Titanic’ pelikula estreinatzeko egun gutxi geratzen zirenean ekoizle-etxea konturatu zen argazki txarrak zituela eta Kirklandi deitu zioten argazki berriak egiteko. Leonardo Di Caprio eta Kate Winsleti argazkiak atera zizkien eta, dirudienez, Winsletek ile gutxi zeukan. Kirklandek Photoshoparekin konpondu zuen arazoa. Kontua da, guzti hori presa handiekin egin zutenez ekoizle-etxeari kontratua ondo ixtea ahaztu zitzaiola (normalean lana egiten duzu eta horregatik ordaintzen dizute, kitto) eta, berak esan zigun moduan, “horrela erosi ahal izan nuen Los Angeleseko etxea”. Urte askotan zehar erdi ahaztuta egon zen argazkilari hau eta, honen ondorioz, deiak jasotzen hasi zen. Horregatik diot oso garrantzitsua dela eboluzionatzen jarraitzea; Kirklandek Photoshopa nola erabili ikasi izan ez balu, ez zuen bere karrera berpiztuko.

-Zein bide jarraitzen du orain zure karrerak?

Heltzen naizen tokiraino jarraituko du nire bideak. Ez nau gehiegi arduratzen gustatzen zaizkidan gauzak egiten jarraitzeak. Sormenezko burua daukat eta beti nabil zerbait berria egiteko pentsatzen. Lan gehiago egitea gustatuko litzaidake, autonomoen kontua ez delako batere erraza, gainera argazkilaritza digitalarekin gaur egun ia edonork ateratzen ditu argazki itxurosoak. Baina ez dira lehengoak bezalakoak, ez dago kolorerik. Gainera, jendeari edozer gauza iruditzen zaio ondo dagoela eta nik haluzinatu egiten dut. Hedabideak hala-nola dabiltza gaur egun argazkien mailaren aldetik. Adibidez, uste dut Jot Down erreferentzia dela, askok kopiatu egiten gaituztelako. Nola da posible? Jendeak ez dauka ideia berririk. Boxeoan ibiltzen diren emakumeen erreportajea atera nuenean ere berdin gertatu zen. Ordura arte inork ez zuen gai hori tratatu, baina ordutik mundu guztia hasi zen boxeoari buruzko kontuak lantzen.

-Beraz, zuk ezetz esaten baduzu ere, erreferentea zara.

Ez, ez!