Elena Gil eta Sergio Ruiz (I. Misterio Jardunaldiak): “Arrateko Amaren agerpena gertakari ufologikoa da”

Elena Gil eta Sergio Ruiz (I. Misterio Jardunaldiak): “Arrateko Amaren agerpena gertakari ufologikoa da”
2017/02/10 10:47
eta kitto!
eluniversopordescubrir.com webguneko sortzaileak dira Elena Gil eta Sergio Ruiz. Gertaera paranormalak,  ufologia, mitologia eta bestelako gai misteriotsuak lantzen dituzte. Orain, jauzia eman eta Euskal Herriko I. Misterio Jardunaldiak antolatu dituzte otsailaren  25 eta 26rako. Hizlariak hartuko dute parte, eta sarrerak erosteko (25 euro) BBVA-ko 0182 2410 45 0201610649 kontuan diru-sartzea egin behar da eta  info@jornadasdelmisteriodelpaisvasco.com helbidean horren berri eman. Sarreretako 5 euro Eibarko AFESD elkarteari emango zaizkio.

– Zerk bultzatu zaituzte jardunaldi hauek antolatzera?
Sergio: Aurretik gabiltza misterioaren mundu honetan, eta webgunea eta Youtubeko kanala dauzkagu horrelako gaiak tratatzeko. Gero, Mufonen (Mutual UFO Network) bitartez Arlo Ufologikoan espezializatu nintzen. Amerikako Estatu Batuetan, Ingalaterra eta munduko edozein toki normaletan, honek balio du, baina Espainian ez. Beraz, ezin naiz horretara dedikatu, baina misterio kontuetan jarduten den jendearekin hartu dut profesionaltasuna: Cuarto Mileniokoak, D-Maxekoak... Tira, ikusi genuen gai honen inguruan ez zela ezer antolatzen Euskal Herrian eta, denbora honetan maisuak diren misterioaren profesional asko ezagutzeko zortea dugunez, zerbait antolatzea pentsatu genuen.

– Zergatik Eibarren?
S: Elena, nire bikotea, Eibarkoa da, ni hemen bizi naiz eta Eibar nire sentitzen dut. Horregatik. Gainera, hainbat babesleren laguntza izan dugu.

– Bi egun irauten duten jardunaldiek, hainbeste hizlarirekin eta, gainera, euren arloan famatuak direnekin... zaila izan da antolakuntza?
S: Oso hizlari garrantzitsuak bilduko dira Coliseoan. Bigarren jardunaldiak antolatzen gabiltza!
Elena: Hauek txiki geratu zaizkigu! Jendea sartzen hasi zen, bertan parte hartu nahi zuten, eta utzi izango bagenie, jardunaldiek iraupen bikoitza izango lukete.
S: Zaila da horrelako izenekin kartela osatzea. Irailetik gabiltza honetan lanean.

– Nortzuk dira hizlariak?
S: Cuarto Milenioko Jaime Garrido, Pedro Amoros, Enrique Echezarra gasteiztarra eta Miguel Pedrero; Canal Sur-en saio bi eta 36 liburu argitaratu dituen Garcia Bautista; Arabako Parapsikologia Elkarteko (ASEPA) Luis Uriarte; Sebastian D’Arbo; Steve Locse; Jorge Sanchez; Ivan Martinez; Fran Recio; Raul Sacrest; Paco Gonzalez; Eduardo Lurueña; Teresa Porqueras; eta Juan Gomez.

– Denetariko gaiak, beraz.
S: Horrela da. Baina igarleak eta mediumak ez ditugu ekarriko.
E: Ia denak kaskarrak dira, iruzurrak.
S: Paloma Navarreteren HEPTA taldea bai da handia, Gobernu eta hainbatekin egiten dute lan, eta eurekin bai gera gaitezke aho zabalik. Baina beste iruzurrik ez, hemen dena oso serioa da: ikerketak, denak karrerekin... zientifikokiko eta moralki zaindua.

– Badaude mugimendu eszeptiko asko, zientzialariak eta abar, kontu guzti hauek zalantzan jartzen dituztenak.
S: Guk dena zalantzak jartzen dugu. Nik ufologia, kontu militarra, konspirazio errealak (ez konspiranoiak)... sinesten ditut. %97a esplikatu ahal dut, baina geratzen den %3a ez. Kanpotik datorrela dakigu, onartu nahi edo ez. Mundu guztiak daki hori, baina ezin da onartu.

– Zergatik ezin da onartu?
S: Gure eskema apurtuko lukeelako.
E: Gure gizartea doktrinamendu batean oinarritzen da, eta sinesten dugun hori existitzen ez dela esaten badigute, dena eroriko litzateke, eliza katolikotik hasita. Ermita bakoitza agerraldi marianoa ez dela esaten badizut, zer?
S: Denak kontu ufologikoak dira. Arrateko ama, adibidez, Fatimakoaren tamaina berekoa da. Hau da, ikusi zuten izakiaren tamainakoa; eta ez ziren ama birjina ez aingeruak, izarretako bizilagunak ziren, ez dakigu zehazki nongoak. Hori Vatikanoak berak daki.

– Eibarren misterio gosea ikusi duzue?
S: Radio Eibar eta Radio Marcan egin ziguten elkarrizketan jendeari misterioarekin izan dituzten kontuak kontatzeko eskatu genion. Gauza asko iritsi zaizkigu.
E: Kasuak jasotzen hasi naiz, benetan zirraragarriak direnak.
S: Estatuko Segurtasun Zerbitzuek ere hainbat gauza bidali dizkigute, Eibartik hurbileko kurba batean egin diren begiztatzeak, agerpenak, guztiz hutsik dagoen etxe batean musika entzutea... Hori dena Eibaren gertatzen da.