Lorea Agirre: "Euskalgintzak feminismoarengandik badu zer ikasi"

Lorea Agirre: "Euskalgintzak feminismoarengandik badu zer ikasi"
2018/04/13 eta kitto!
Kazetari eta antropologo beasaindarra dugu Lorea Agirre, feminismoan eta euskaran aditua. Gaur, apirilak 13, gure artean izango dugu Idurre Eskisabelekin batera Akebaik antolatutako “Euskara eta feminismoa” izeneko bosgarren berbaldian. Galdera hauei erantzun die Loreak bertan kontatuko digunaren aurrerapen gisa.

– Zein egoeratan ikusten duzu euskara gaur egun feminismoari dagokionez?
Feminismoa indar handiz ari da garatzen. Batetik oso behetik gorako esperientzia delako, akademian pentsamendu sormen oparoa dagoelako; eta, bestetik, menderakuntza oso ondo identifikarazten digulako. Euskararen egoera asko aldatzen da eremu soziolinguistiko batetik bestera, baina badago halako sentsazio bat, EAE-n eta Gipuzkoan bereziki, normalizazioa erdietsita dagoela. Uste hori ez da datuek diotenarekin ezkontzen, eta gero eta zailagoa egiten zaigu menderakuntza identifikatzea. Are gehiago, sinetsi egiten dugu menperatzailearen egia: geu garela baztertzaileak. Bestalde, aipatu beharra dago euskalgintza modernoaren azken 60 urteetako lanari esker inoizko euskaldun kopuru handiena dagoela eta baita inoizko euskaldun oso gehien ere. Uste dut euskalgintza aldaketa garaian dagoela, mugimenduan, zaharrak berritzen, eta mugimendu horretan feminismoarengandik badu zer ikasi, eta bereziki, badu zer partekatu eta elkarrekin badute zer borrokatu.

– Zein lotura dago euskararen eta feminismoaren artean?
Emakume eta euskal hiztun izateak gizartearen bazterretara behartzen gaitu. Hori ideologia jakin baten arabera lortzen da, hau da, naturalizazioaren bitartez. Naturalizazioak dio jaiotzez, berez zaren bezalakoa zarelako, erdigunean edo bazterrean egotea egokitzen zaizula. Euskarak berez dituen ezaugarriengatik dela txikia, minorizatua; eta, emakumea jaiotzez delako, besteen zaintzara emana eta boterearekiko joera gabea, tokatzen zaiola erabakiguneetatik kanpo egotea. Menderakuntza moduak beti dira berdinak. Feminismoak lan praktiko eta teoriko handia egin du naturalizazioaren ideologiaren azpian dagoen zapalkuntza agerrarazten. Ohartzen bagara, emakumeen eta euskararen gainean adjektibazio bera erabiltzen da: txikia, basa, etxekoa, umea, goxoa, ez politizatua... Horrez gain, genero eta hizkuntz menderakuntzak gurutzatu egiten dira, botere eta prestigio harreman kontua da dena. Alegia, bi eremu horietan demokrazia dago jokoan, biak dira demokrazia demokratikoago egiteko bideak.

– Esango zenuke bata bestearen osagarri direla? Izan daiteke feminista euskaltzalea izan gabe? Eta alderantziz, euskaltzale feminista izan gabe?
Osagarri dira bai, baina emakume eta euskaltzale garen unetik, osagarri baino zerbait gehiago dira, biak batera eta modu gurutzatuan bizi ditugulako egunero. Izan zaitezke feminista eta ez izan euskaltzale, eta alderantziz. Jakina, mundua horrelako jendez josia dago. Baina ez da koherentea eta ez da interesgarria. Norberaren edo norberaren taldearen menderakuntzaren aurka borrokatzen duena ezin da itsu egon beste menderakuntzekiko, are gehiago, oso adi egon behar da berak sortzen dituen menderakuntzekiko. Euskara, feminismoa bezala, ahalduntze bide bat da. Ez hiztun gisa soilik, baita pertsona, herritar eta hiritar gisa ere.

– Hitz gutxirekin, zer esango zenieke eibartarrei gaur arratsaldean, apirilaren 13an, emango duzuen hitzaldira hurbil daitezen?
Etortzeko esango nieke, Idurre eta biok entzun eta ikasi ere egin nahi dugulako. Gogoeta bat partekatu nahi dugu: noiz ohartu garen emakume edo ez-gizon garela eta noiz ohartu garen euskaldun garela, eta bitasun horiengatik noiz garen bazterrera bidaliak. Guztion artean ahalduntzeko arrazoiak eta bideak bilatzeko topagune bat izatea nahiko genuke.

Argazkia: BARREN aldizkaria.