Idoia Argoitia (euskara plana): “Benetan euskalduntzeko denon konpromisoa eta ilusioa behar dira”

Idoia Argoitia (euskara plana): “Benetan euskalduntzeko denon konpromisoa eta ilusioa behar dira”
2016/11/04 eta kitto!

Urriaren 18an aurkeztu zuten Euskararen Foroa, Portalean. Aurkezpenean Euskara batzordeburu eta batzordekideak, Euskara teknikaria, planaren  dinamizatzailea eta herriko erakunde eta elkarte askotako ordezkariak  batu ziren eta, besteak beste, Udalbatzak aho batez berriki onartu duen “Eibarko Hiria. Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025” izenekoari buruzko azalpenak jaso zituzten eta, hau guztia koordinatzeko ardura duen Idoia Argoitiak aurreratu digunez, Euskararen Foroaren bigarren bilera datorren astean izango da.


- Aurreko hilean aurkeztu zen Euskararen Foroa pixka bat aurretik onartutako Euskararen Plan Estrategikoari lotuta sortu da, ezta? Nolako plana da hori?
Udalbatzak aho batez onartu zuen hori hamar urterako plana da eta, nolabait esateko, herritarrek eskatuta, herriaren eskaera horri erantzuteko sortu dela esan daiteke, nahiz eta berez abiapuntua EH Bilduk egindako mozioa izan. Euskalgintzarako baliabide gehiago erabiltzeko eskaera hor zegoen, baina baliabide horiek bitan bereiztu daitezke: batetik, zuzenean ekonomiari lotutakoak leudeke eta, arlo horretan, udal aurrekontuetan, euskarari eskainitako diru-kopurua igotzen joan da. Baina, hortik haratago, planak aurrera egin ahal izateko giza baliabideak ere behar zirela ikusten genuen eta, horregatik, nik hartu dut plana eta bere ingurukoak koordinatzeko eta dinamizatzeko ardura hori nere gain. Egiten dena gainbegiratu, jendea bileretarako deitu… horrelako kontuak eta beste batzuk egiten ibiliko naiz.

- Hasieratik argi laga nahi izan duzue ez dela udalaren plana, herriarena baizik…
Hala da, udalak badauka bere ardura, baina asmoa herritarren partaidetza ahalik eta zabalena izatea litzateke, hori lortu nahi dugu. Planaren diseinua kanpoko enpresa bati, Emun-i, egiteko eskatu arren, kontuan izan behar dugu planaren oinarrian herritar askoren partaidetza dagoela; horretarako Markeskuan bilerak egin ziren eta, aurrera begira ere, herritarrek parte hartzea oso garrantzitsua izango da. Udalbatzak plana aho batez onartu zuen, baina orain gure esku dago plan horretan jasota dagoena betetzea. Eta herritarren partaidetza hori sustatzeko asmoz eratu da foroa, besteak beste.

- Nola joan zen foroaren aurkezpenerako bilera?
Oso ondo. Aurretik partaidetza mahaietan egon zirenei gonbidapena bidali zitzaien eta, batzuk etortzeko aukerarik ez izan arren, talde polita batu zen Portalean. Eibartik kanpora, beste hainbat tokitan gure foroaren parekoak liratekeenak nola eratu diren azaltzera etorri ziren eta, euren azalpenak entzuteaz gain, foroak izan beharko lukeen martxa, talde-dinamika eta beste hainbat kontu zehazteko lanean hasi ginen eta hurrengo bilera noiz egin ere lotu genuen: datorren astean, azaroaren 9an bilduko gara bigarrenez.

- Ume eta gazteei arreta berezia eskaini zaie. Zer dela eta?
Ume eta gazteak arnasgune izatea nahiko genuke, pentsatzen dugulako hor dagoela premiarik handiena. Besteak beste, D eredua gazteak guztiz euskalduntzeko nahikoa ez dela argi ikusi dugu. Hori baino gehiago beharko dugu benetan euskalduntzea nahi izanez gero eta, lan horretan, motibazioak zeresan handia dauka zalantza barik. Familiek eta, orohar, gizarteak denen konpromisoa eta ilusioa beharrezkoak direla argi izan behar dute.

Euskara Batzordea osatzen duten ordezkariek ardura bikoitza dutela azaldu zuten plana aurkezteko ekitaldian: batetik, ordezkari politiko izateagatik dagokiena eta, horrekin batera, beste edozein herritar modura ere kontu honetan zer esan eta egin badutelako. Euskara Batzordea osatzen duten ordezkariek ardura bikoitza dutela azaldu zuten plana aurkezteko ekitaldian: batetik, ordezkari politiko izateagatik dagokiena eta, horrekin batera, beste edozein herritar modura ere kontu honetan zer esan eta egin badutelako.