Imanol Urreisti (Armeria Eskolako zuzendaria): “Eskola gizarteari zabalik dagoen agente modura ikustea nahiko genuke”

Imanol Urreisti  (Armeria Eskolako zuzendaria): “Eskola gizarteari zabalik dagoen agente modura ikustea nahiko genuke”
2017/10/26 eta kitto!
Zuzendari karguan Jose Luis Novoaren lekua hartu  berri du Imanol Urreisti Ulaziak (Mutriku, 1972). Formazioz ingeniari elektronikoa da eta 20 urte  daramatza irakaskuntzan, horietako hamabi Armeria Eskolan klaseak ematen. Elektrizitate departamentuko irakasle izatearekin batera, 2009. urteaz geroztik elektrizitateko alorburua ere izan da.

– Armeria Eskolan irakasle izatetik zuzendari kargua hartzera pasatu zara. Nolakoa izan da aldaketa horretarako prozesua?
Armeria Eskolan hamar urte baino gehiago daramatzat klaseak ematen eta, horrez gain, azken bi urteetan Zuzendaritzako kidea ere izan naiz. Zuzendaritzak aspalditik ziharduen aldaketaren ideiari bueltak ematen, erreleboaren premia zegoela ikusten zen. Horrez gain, 12 urtez Armeria Eskolako zuzendaria izan den Jose Luis Novoak kargua lagatzeko gogoa zuela azaldu zuen iaz eta, gauzak horrela, aldaketa nola egin pentsatzeko eta gai horren inguruko hausnarketa egiteko bilerak hasi genituen. Bileretan, besteak beste, bakoitzak bere burua nola ikusten zuen-eta azaltzen joan ginen… Prozesu hori hasi aurretik, egia esateko, ez nuen argi zuzendari karguan egon nahi nuen ala ez, nahiz eta ez nuen sekula aterik itxi. Baina nire ingurukoek nigan zuten konfidantza ikusten joan ahala eta horrelako babes handia nuela sentitzean, orduan bai, zuzendari izateko aukerari seriotasunez heldu nion. Etxean, familiarekin batera alde onak eta txarrak baloratu eta gero, apirilean erabaki nuen baietza eta, hortik aurrera, nirekin batera lanean jardungo duen taldea osatzen hasi ginen. Izan ere, zuzendariaren figurak garrantzi handia izan arren, zuzendaritza osatzen duten beste kideen garrantzia ere handia da.
– Eta zuk zein izango duzu aldamenean?
Zuzendaritza Batzordea Jose Luis Novoak (zuzendariordea), Aitor Orbegozok (enplegurako prestakuntzaren arduraduna) eta departamentu bakoitzeko alorburuek, Oier Dominguez (Elektronika), Alazne Rementeria (Mekatronika), Iñigo Mendiolea (Fabrikazio Mekanikoa) eta Asier Gabilondo (Elektrizitatea) osatzen dute eta, horrez gain, zuzendaritza berrian Garikoitz Garmendia (Idazkaria), Lander San Martin (Ikasketaburua) eta Iñaki Urbieta (Diruzaina) daude nirekin batera. Oso jende onarekin osatutako taldea da.
– Armeria Eskolan aurretik egon diren zuzendarien perfiletik pixka bat aldentzen zara, besteak beste adinari erreparatuz gero…
Baliteke. Ez naiz eibartarra, Armeria Eskolan beharrean urte asko eman arren ez dut hor ikasi… Zuzendaritzan ez ezik, azken 8 urteotan belaunaldi aldaketa garrantzitsua izan da irakaslegoan, jendea jubilatzen joan ahala irakasle berri asko sartzen joan dira eta gaur egun klaustroa nahiko gaztea da.
– Aurrera begira, zeintzuk dira zuen erronka nagusiak?
Zuzendaritza aldaketak nahitaez beste aldaketa batzuk ekarriko ditu, jakina, baina horrek ez du esan nahi dena goitik behera aldatuko denik. Izan ere, Armeria Eskolak eskaintzen dituen zerbitzuak, adibidez, aurretik definituta daude eta, beraz, horiek ez dira aldatuko. Baina badaude aldatu nahi ditugun beste gauza batzuk. Nazioartekotzea indartu nahi dugu, adibidez, orain artekoa albo batera laga barik, ikastetxea atzerrira begira ipintzea garrantzitsua dela uste dugu eta horretarako beharrean jardungo dugu. Horrekin batera, irudi aldetik ere beste erronka bati heldu beharko diogu: 105 urteko historia izateak alde on asko dauzka, baina aldatu beharreko hainbat gauza ere badaude. Emakumearen presentzia indartzea nahiko genuke baita ere, Lanbide Heziketa aukeratzen duten emakumeen portzentaia, gizonezkoenarekin alderatuz gero oraindik ere txikia delako orokorrean eta are txikiagoa industria arloan. Aipatutakoez gain, herriko talde eta kolektiboak eskolara gerturatu nahi ditugu eta, horretarako, hainbat ekimen lantzen hasita gaude, hitzaldiak eta beste jarduera batzuk antolatuta Armeria Eskolara erakartzeko asmoz. Ikastetxea gizarteari zabalik dagoen agente dinamiko eta partehartzaile modura ikustea gustatuko litzaiguke.
– Ehun urte baino gehiagoko ibilbidean eskola etenbarik aldatzen joan da, inguruan sortzen joan diren premien arabera moldatzen, ezta?
Hala da. Gizartea etenbarik eraldatzen joan den bezala, eskola ere horrekin batera aldatzen joan da, sortzen joan diren eskaerei modurik egokienean erantzun ahal izateko. Argi dago enpresa munduak gaur egun eskatzen duenak beste sasoi batzuetan eskatutakoarekin zerikusirik ez duela. Une honetan, arlo teknikoa lantzetik haratago, jarrera jakin batzuk lantzea eskatzen dute enpresetan: taldean lan egiteko gaitasuna, iniziatiba duen pertsona izatea… Eskatzen den perfil horretara gerturatzeko ezinbestekoa da horrelakoak lantzea.
– Hizkuntzari begira, nolako garrantzia ematen diozue euskerari?
Euskera ezinbesteko tresna dela uste dugu, zuzendaritza osatzen dugun gehienontzat euskera ama hizkuntza da eta, ikastetxearen eskaintzari begira, Armeria Eskolak ematen dituen ziklo guztiak euskeraz egiteko aukera dago. Ikasleei euskeraz edo gazteleraz ikasteko aukera ematen zaie eta gaur egun ia ziklo guztiak euskeraz ematen ditugu, bi izan ezik, horietarako euskerazko eskaerarik ez delako egon. Eta hizkuntzak aipatzen hasita, ingelesak ere geroz eta toki gehiago hartzen dihardu.