Inma Mugerza (geologoa): “Euskal Herriko mendien eboluzioa Pirinioen sorrerarekin lotuta dago”

Inma Mugerza (geologoa): “Euskal Herriko mendien eboluzioa Pirinioen sorrerarekin lotuta dago”
2017/03/27 eta kitto!
Gure inguruko geologia eta natura ezagutzeko Izarraitzera mendi irteera antolatu dute Arrate Kultur Elkarteak eta AEK-k Korrika Kulturalaren barruan. Inma Mugerzak gidatuko du ibilbidea eta Izarraitz beste begi batzuekin ikusteko balio izango du. Izarraitzen barrenak ezagutzeko aukera emango zaie ibilbidean parte hartzen dutenei, ingurune karstikoak batzen dituen ezaugarriak ikasi, eta mendizerraren berezitasunak ikusi eta ulertuz.

 

-Zer da karst-a?

Igeltsu eta kareharrietan sortzen den paisaia da, Euskal Herriko kasuan kareharrietan bereziki. Kareharriak karbonato kaltzikoa duten harriak dira. Adibidez, Izarraitz, Arno, Aizkorri, Aralar... kareharriz osatuta daude. Euri uraren azidotasunak harria disolbatzen du eta kobazuloak, leize-zuloak, depresioak... sortzen dira eta paisaia guzti horri karst deitzen zaio.

-Zer berezitasun dauka Izarraitzek?

Izarraitz Geoparketik kanpo dago, baina Geoparkeak dituen ezaugarri batzuk ditu. Kareharri hauek orain dela milioi urte asko sortu ziren eta sasoi hartan Euskal Herria itsas azpian zegoen. Beraz, koral-arrezifeak ziren. Klima ere oso ezberdina zen, tropikala, eta ura 25 gradutan zegoen. Itsas azpian bizi ziren animaliak hiltzerakoan euren oskolak metatzen joan ziren eta arrezifeak osatu zituzten. Gero, material guzti hori harri bihurtu zen, eta itsas maila aldatu zenean eta euriaren eraginez, karst-a sortu zen. Hasieran harria sortzen da eta gero harria higatzen doa. Txangoan karst-ak erakusten dituen ezaugarri orokorrak ikusiko ditugu, eta baita lur azpiko urak egiten duen bidea kontatuko dut. Geologiaz gain, beste gauza batzuez ere egingo dugu berba. Azken finean, geologiak dena baldintzatzen du: landaretza, ekosistemak eta animaliak. Gero, Sesiarteko tolesa ere ikusiko dugu urrutitik.

-Zer da Sesiarteko tolesa?

Konpresio indarren eraginez Pirinioak altxatzen hasi ziren. Horren ondorioz, eta modu berean, Euskal Herriko mendiak ere altxatzen eta sortzen hasi ziren. Toles hori Pirinioen formakuntzaren hasierako adierazle bat da.

-Noiz sortu ziren mendi hauek?

Arrezifeak sortzen ari ziren sasoia Kretazikoa zen, orain dela 65-100 milioi urte inguru. Gero, harria trinkotu zenean, gora igo eta altura hartu zuten, orogenia alpinoa delakoa, hau da, Pirinioak sortzen hasi zirenean, orain dela 30-40 milioi urte. Euskal Herriko mendien eboluzioa Pirinioen sorrerarekin lotuta dago.

-Mendira joan eta itsasoko animalien fosilak ikustea bitxia da.

Jakina da nola Britaniako hainbat esploratzaile Afrika eta bestelako lurraldeak kartografiatzera joaten ziren. Euren helburuetako bat harri-laginak ekartzea zen, zientifikoki aztertzeko. Everestera igo ziren lehen aldian, adibidez, fosil handi bat aurkitu zuten bertan. Ondorioz, plaken mugimenduan eta holakoetan pentsatzen hasi ziren aurkikuntza horiengatik. Mendiez gain, geologiaz inguratuta gaude. Hona bidean, adibidez, begira etorri eta portaletan hainbat koral ikusi ditut. Hemen erabilitako harriak Markinatik datoz orokorrean eta gehiena kareharria da. Oskolak, amoniteak eta gehiago ikus daitezke.

-Geoparkeak izan duen oihartzunak eragina izan du hortik kanpo geratu baina balio handia duten tokiak zaintzeko orduan?

Inflexio puntua izan da, nahiz eta geologoentzat aurretik ere ‘flyschak’ demaseko garrantzia eduki, Deba eta Zumaiako paisaia eder horiek beste ikuspuntu batetik baloratzen direlako. Niretzat ere balioa dauka eta nazioarte mailan zientifikoki garrantzia handiko tokia da, baina ahaztu egiten ari gara barruan ere badirela beste leku interesgarri batzuk. Euskal Herriak oso toki garrantzitsuak ditu Geoparkeaz gain, nahiz eta hain ikusgarriak ez izan. Adibidez, Urdaibaiko ingurua, eta Eibar inguruan ere Geoparkean aurki ez daitezkeen harri bolkanikoak ditugu. Jendearen artean interes handiagoa dagoela ikusten da, baina barruan gauza gehiago daudela erakutsi beharko litzateke, eta ez bakarrik mendietan, baita herrietan ere.