Irantzu Varela, kazetaria eta genero berdintasunean aditua: "Berdintasunaren espejismoak asko apaldu gaitu"
- Hitzaldiaren izenburua abiapuntutzat hartuta, nolakoa da Latinamerikako andren parte-hartze soziopolitikoa?
Latinamerikako andrak politikoki aktiboak dira. Borrokan antolatuta dauden andrak dira. Sarritan beste herrialde edo kulturetako andrek guk ezagutzen dugun errealitatetik ezberdintzen den beste errealitate bat bizi dutela pentsatzeko joera daukagu, baina elkarri asko irakasteko eta elkarrengandik asko ikasteko daukagu, bakoitzak bere eskaera espezifikoak izanda ere. Azken batean generoen arteko ezberdintasuna sistema kapitalistak eragindakoa da eta, beraz, denak berdinak gara ezberdintasunean. Borroka mundu mailakoa da.
- Latinamerikako andrak aipatzean askori matxismoaren irudia datorkie burura. Irudi hori errealitatearekin bat dator?
Patriarkatuak azalarazteko modu ezberdinak dauzka. Oso erraz ikusten ditugu gureak ez diren beste kultura batzuetan gertatzen diren gehiegikeriak eta askotan ez gara konturatzen gure inguruan gertatzen diren beste batzuekin. Etxe- barruko lanak nola banatu eta beste kontu asko toki guztietan errepikatzen diren arazoak dira, nahiz eta modu ezberdinetan azaleratu.
- Hitzaldiaren izenburura bueltatuta, zein da Latinamerikako andren parte-hartzea gizartean eta politikan?
Betidanik bete izan dute oso toki garrantzitsua komunitatean. Horren hamaika adibide daude, baina bat aipatzearren Perun 80ko hamarkadan monetaren balioak behea jo zuenekoa ekar dezakegu gogora. Azken batean, muturreko egoeretan aurre egin ahal izateko, bizirauteko antolatzeko izan duten premia horrek esperientzia handia eman die beste maila batzuetara pasatzean nola egin behar duten jakiteko. Bolivian lauzpabost urte aurretik nekazariak ziren parlamentariak daude. Horrelako kontuetan asko daukagu ikasteko.
- Gu eurak baino libreagoak garela pentsatzen dugu, baina hala da?
Nik horri "berdintasunaren espejismoa" esaten diot. Gure artean oraindik ere asko geratzen zaigu egiteke: behar bera eginda gizonezkoek baino gutxiago irabazten dugu, astero emakume bat hiltzen du inguruko gizonen batek... Baina desberdintasunaren barruan mailak daude eta gure kasuan badirudi nahiko sotila bailitzan ikusten dugula eta, horren erruz, gainera, asko apaldu gara.