Karmele Jaio: “Emakumearen estatusa maitatua izatearen arabera neurtzen da hein handi batean”

Idazlearekin Harixa Emoten irakurle-taldeko apirileko gonbidatua Karmele Jaio izan da. Maitasun kapitala (Elkar, 2023) liburuarekin etorri da Eibarrera idazle gasteiztarra. Fikzioaren bitartez, maitatzeko moduari buruzko hausnarketak eraman ditu liburura, eta emakumeengan jarri du arreta.
Karmele Jaio: “Emakumearen estatusa maitatua izatearen arabera neurtzen da hein handi batean”
2025/04/30 08:15
eta kitto!

Maitasunaren gaia asko jorratu izan da nobeletan, filmetan, artean… Zein alderditatik heldu diozu zuk? 
Jaso dugun heziketa sentimental ezberdindutik batez ere. Emakumeei eta gizonei ezberdin irakatsi zaigu maitatzen eta horrek ondorio zuzenak ditu gure harremanetan. Eta hausnarketa bat ere egiten da maitasuna hitza erabiltzen dugunean, zertaz ari garen. Izan ere, gauza askori deitzen diogu maitasuna, eta hortik dator definizio bat egitea oso zaila izatea. Maitasuna  deitzen diogun horren atzean ezkutatu daiteke desio fisiko hutsa, norberaren auto-estimurako bitamina baten beharra, bakardadeari diogun beldurra, sozialki onartua izateko bermea, beste norbaitengan boterea izatea… Baina benetan maitasuna dira horiek guztiak, ala maitasuna beste zerbait da? Eta beste zerbait bada, zer da?   

Emakumeetan jarri duzu arreta; izan ere, irakatsi dizkiguten maitatzeko moduak oso barneratuta ditugula diozu. Zein zentzutan? 
Emakumeek ikasi dugu txikitatik maitasuna dela geure bizitzari zentzua ematen dion zerbait, zentrala, dena zipriztintzen duena. Ikasi dugu maitasunik gabe ez garela ezer. Bakarrik ez garela ezer. Emakume batek ez badu maitasunik, osatu gabeko gizaki bat bezala ikusiko da. Eta dena eman behar du maitatua izateko. Emakumearen estatusa maitatua izatearen arabera neurtzen da hein handi batean. Erakutsi digute emakume batentzat bikoterik ez izatea antsietate egoera batean bizitzea dela. Bikoterik ez izateak esan nahi du porrota. Txikitatik mehatxatu gaituzte: ez egin hau, ez egin bestea, bestela ez zaitu inork maitatuko. Hori balitza bezala bizitzan gerta dakigukeen gauzarik larriena. 

Gizonezkoekin ez da gauza bera gertatzen, ez dute horrelako mehatxurik jasotzen… 
Gizonei irakatsi zaie maitasuna bizitzaren beste arlo bat dela, ez dena zipriztintzen duena emakumeen kasuan bezala. Eta neurri handi batean maitasunetik babesteko heziak izan dira, maitasun harreman batean euren ahuldadea edo zaurgarritasuna agerian geratu daitekeelako.    

Kosta egiten zaigu ohartzea gure maitatzeko modua irakaspen baten ondorio dela? 
Alejandra Kollontai errusiarrak jada esaten zuen: maitasuna da sentimendu sozial bat, sozialki eraikitzen den sentimendu bat. Maitasuna bera ezin da banandu garaiko egoera sozialetik, ekonomiatik, politikatik. Oso eremu intimoan gertatzen den zerbait da, baina guztiz zeharkatuta dago gizartearen aginduekin. Eta honek dakartzan botere harremanengatik. Baina zaila egiten zaigu onartzea hain zuzen ere oso eremu intimoan ematen delako eta zaila da onartzea gure intimitatean ere sartzen direla gizartearen aginduak. Eta baita eremu honetan botere harremanak antzematea zailagoa delako ere; izan ere, maitasunean ematen diren botere harremanetan, suposatzen da menperatzaileak eta menperatuak elkar maite dutela, eta hori ez da beste botere-harremanetan ematen. 

Pentsalari feministen teoriek, literaturako pasarteek eta artelanek pisua dute liburuan. Maitasuna, aspalditik, beste egile askoren kezka izan den erakusgarri? 
Bai, ezin esan gai berria denik, asko idatzi da maitasunari buruz, maitasuna artelan askoren gai zentrala da, eta horrek erakusten du gure bizitzan garrantzi handia duen zerbait dela. Baina ba al dakigu zeri buruz ari garen maitasunaz ari garenean? Maitasuna sentitzen dugu, baina gehienetan maitasuna ez dugu ulertzen. Gutxi dakigu maitasunaz. 

Zeu ere jantzi egin behar izan zara gaiari buruz idazteko, ala? Nola elikatzen da idazlea? 
Bai, noski. Kasu honetan liburua zutabe teorikoen gainean idatzi dut. Asko irakurri dut maitasunaz eta artearen eta literaturaren historian nola jorratu den ere, horretaz sakontzeko aukera izan dut liburu hau idatzi bitartean. Baina nik argi neukan fikziozko obra bat egin nahi nuela.  

Kontraesanak ere nabarmenak dira protagonisten artean. Teoria oso argi izan arren, praktikan kontraesanak sortzen zaizkie. Zergatik gertatzen da hori? 
Teoria ondo jakin arren, oso zaila da praktikara eramatea inertzia guztiak kontra dituzunean. Inkontzienteki eskema eta inertzia batzuk oso barneratuak ditugu, maitatzen ikasi dugun moduagatik. Liburuak erakusten du argazki bat egungo emakume askorena. Izan ere, iruditzen zait emakume ausart asko daudela, akademia, enpresa, politika eta aktibismoaren munduan aurrerapauso handiak eman dituztenak, estereotipo, agindu eta boterearen aurka matxinatu direnak, baina oraindik azterketa bat gainditzeko dutenak, ikusi nahi ez duten alde ilun bat: maitasunarekin duten etengabeko kontraesana. Hor arakatu nahi nuen. Gure gorputzetan maitatzeko modu bakarra daukagu zizelkatuta. Horren kontrako barne-borrokan arakatu nahi nuen. 

Izenburuan ageri den “kapitala” hitzarekin zer esan nahi izan duzu? 
Kapitala hitzak zentzu ezberdinak ditu. Batetik, maitasuna gure bizitzaren eta heziketa sentimentalaren erdigunean dagoela, kapitala da, beraz. Eta, bestetik, bada modu bat adierazteko garai bakoitzak bere maitatzeko modua baldin badu, gure garaia dela kapitalarena eta merkatuarena. Eta galdetzeko modu bat da: Merkatuaren logikak zer eragin du gure maitatzeko moduetan? Kapitala eta merkatua nagusi diren gizarte honetan, maitasuna konpartitzen dugu edo gero eta gehiago kontsumitzen dugu? Tinderren garaian, eskaintza handi horrek, ez al du antsietate eta insatisfakzio bat sortzen? Indibidualismoaren garaian, gure maitasunak gero eta nartzisistagoak dira? 

Gauza berriak deskubritu dituzu? 
Liburu bakoitzean deskubritzen dituzu gauza berriak. Niretzat idaztea beti da deskubrimendu bat. Gauza berriak deskubritzeko idazten dut.  

Arrastoa uzten duen liburua dela dio kontrazaleko testuak. Zuri ere arrastoa utzi dizu idazterakoan? 
Bai, maitasunaren disekzio horretan emozio guztietatik pasatu naiz idatzi bitartean eta bai, arrastoa utzi dit. Liburu bat idazten dugunean, mundu horretan barneratzen gara eta han gertatzen dena benetakoa bezala bizitzen dugu.  

Nola eta nondik hasten da Karmele Jaioren idazketa-prozesua? 
Abiapuntua beti izaten da irudi bat. Irudi bat sortzen da nire buruan eta hortik hasten naiz hariari tiraka. Kasu honetan hileta baten irudia. Eta ez da kasualitatea. Bukaera bat sinbolizatzen du, eta aldi berean hasiera. Ez da bakarrik harreman baten bukaera, baizik eta maitatzeko modu baten bukaera.   

Zer duzu esku artean? 
Badaukat zerbait hasita, baina oraindik definitu gabe.