Jakoba Errekondo: “Euskaldun bat inoiz ez da kultua izango baratzeaz ez badaki”
– Zer kontatzen duzu liburuan?
Baratzeek gure kulturan zer garrantzia duten azaltzen dut eta historia ere bai; izan ere, baratza ez da bakarrik barazkiak hazteko toki bat, gauza askoz zabalagoa da. Horrez gain, baratzeen inguruko gauza orokorrak aipatzen ditut: ongarriak, gaitzak eta izurriteak, ilargiak duen eragina, animalia laguntzaileak zeintzuk diren, egutegiaren arabera noiz erein... Amaieran, hiztegia ere sartu dut, euskaraz ikaragarrizko hitz-aberastasuna dugulako esparru horretan.
– Zein publikori zuzenduta dago?
Nolabait esateko, hiru publikorentzat pentsatutako liburua da. Alde batetik, baratze batekin hasi nahi duenari oinarrizko gauzak azaltzen dizkiot. Bestalde, baratze bat duenarentzat eta bertan sakondu nahi duenarentzat. Eta, azkenik, badago beste publiko zati bat sekula ez duenik baratze bat jarriko, baina nolabait uste duena gure kulturan kontu hau garrantzitsua dela. Liburua idatzi nuenean erraztasuna bilatu nuen eta horregatik sartu nituen testu laburrak hizkuntza errazean, izenburu eta argazki askorekin.
– Arrakasta handia izan du liburuak…
Bai. Nik salduko zela pentsatzen nuen, baina ez hainbeste. Egia da jendeak ikaragarrizko harrera ona egin diola. Uste dut momentu egokia izan dela liburuarentzat. Indar handia ematen du jendea pozik ikusteak aurrera egiteko.
– Zenbaterainoko garrantzia dute ortuek gure kulturan?
Nik beti esaten dut euskaldun batek nobelak irakurri ditzakeela edo musika asko entzun, baina euskaldun bat inoiz ez dela kultua izango baratzeaz ez badaki.
– Eta nola ikusten duzu egungo egoera?
Jendea gero eta gehiago sartzen ari da mundu honetan. Azken lau urteotan, adibidez, Gipuzkoan mila familia baino gehiago jarri dira herri-baratzeak lantzen. Herribaratzeak udalak emandako lur sailak dira eta gero eta gehiago zabaltzen ari den joera da, indartu beharrekoa.
– Edozeinek eduki dezake ortu bat?
Noski. Munduan dagoen gauzarik errazena da baratze bat edukitzea, erraz ikasten da eta, gainera, uste dut ikaragarrizko satisfakzioak ekartzen dituela epe motzean. Kalitatezko produktuak ekoizteaz gain, baratzeak gauza asko ematen ditu.
– Eta tokiari dagokionez?
Baratzea etxeko leihoko txoko batean eduki dezakegu hiru loreontzitan, edo terrazan, edo balkoian... Lehen esan bezala, oso erraza da.
– Irratiko saioa nolakoa izaten da?
Zapatuero kontsultategi antzekoa izaten da. Landareei buruzko euskaldunen jakintza jaso eta zabaltzen dugu. Deitzen dutenak profil desberdinetakoak izaten dira; baserritarrak, baratzeak dituztenak, basoak edo fruta-arbolak dituztenak, ...
– Otsailaren 9an hitzaldira joanko direnek zer ikasteko aukera izango dute?
Liburua aurkeztuko dut eta sortzen diren galderei erantzungo diet. Niri jendea gerturatzea gustatzen zait, eurek galderak egitea ... Batez ere, denon artean ikasteko aukera edukiko dugu, bakoitzaren esperientziak elkarbanatuz eta tokiko hitzak eta kultura ikasten. Ni ikastera joaten naiz beti.