JESUS ALCONERO (KIUB): “Saltzaileek nagusitasun posizioa daukate kontsumitzaileen aurrean”

JESUS ALCONERO (KIUB): “Saltzaileek nagusitasun posizioa daukate kontsumitzaileen aurrean”
2017/06/09 eta kitto!
Etxez-etxeko saltzaileekin nola jokatu jakiteko jarraibideak eskaini zituen Jesus Alconero Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko (KIUB) arduradunak astelehenean udaletxean. Iruzurrak eta egoera korapilatsuak ekiditeko asmoz, etxeko atea saltzaile bati irekitzerakoan zein gauza izan behar diren kontuan argitu zituen. KIUBen bulegoa udaletxeko beheko solairuan dago eta 09:00etatik 14:00etara zabaltzen dute (Posta elektronikoa omic-eibar@kontsumo.net da eta telefono zenbakia, berriz, 943203843).

 

-Nola jokatu behar dugu etxez-etxeko saltzaileekin?

Etxeko atea norbaiti zabalduz gero, nor den jakin behar dugu lehenik eta behin. Identifikazioa eskatu eta nor den eta nondik datorren galdetu behar diogu. Ondoren, pertsona hori atean geratu behar da, ezin diogu hasieratik etxean sartzen utzi, izan ere, ahalik eta azkarren sartzen saiatzen dira normalean. Gero, berak eskaintzen duena behar dugun pentsatu behar dugu. Eskaintza edo salmenta komeni ez bazaigu, ezetz esan behar diogu, eta kitto. Azkenik, saltzaileak jarrera oldarkorra badauka, udaltzainei edo Ertzaintzari deitu. Horiek dira norbaitek etxeko atea jotzen digunean jarraitu behar ditugun jarraibideak.

-Salmenta mota horren gorakada somatu duzue?

Azken aldian egunero dabiltza saltzaileak etxetik etxera. Eibarren jende asko dabil horrela. 75 urtetik gorako 9.000 pertsona inguru dauzkagu herrian eta kasu hauetan kalteberak dira. Saltzaileek denetarik saltzen diete eta alarma soziala bihurtu da. Lehen liburu edo koltxoi saltzaileak pasatzen ziren, besteak beste, baina orain energia enpresetakoak dira (Fenosa, Endesa, Iberdrola, EDP...). Energetikoen komertzialak legalak dira, kontua da gure etxeetan ez direla modu onean sartzen. Bata bestearen atzetik doaz eta anabasa handia sortzen da. Ondorioz, askok ez diote inori atea irekitzen, baina hori ere ez da kontua, gauza da atea lasai irekitzea. Adindunek badakite kalteberak direla eta ez diote atea inori irekitzen. Pentsa: Iberdrolatik Fenosara pasatzen bada, bi hilabeteren ostean Endesara badoa eta gero EDP-ra, demaseko nahaspila sortzen da eta, dena bere tokira bueltatzeko, lan gogorra egin behar da. Horrelako kasu asko daukagu eskuetan eta egoera latza bizi du jendeak horren ondorioz.

-Saltzaileek formakuntza jasotzen dute nola saldu behar den jakiteko. Kontsumitzaileek kontsumitzen ikasi behar dute?

Saltzaileek nagusitasun posizioa daukate kontsumitzaileen aurrean, hori da kontua. Gure etxera etorri eta nola saldu jakiteko hainbat ikastaro jaso dituzte ziurrenik. Beraz, euren menpe gaude. Batzuetan modu oldarkor eta zakarrean aritzen dira, eta ezustean hartzen gaituzte.

-Horrelako egoerak aurrez aurre tratatzea telefonoz maneiatzea baino zailagoa da?

Telefonoz eskegitea ere asko kostatzen zaio jendeari. Pentsatzen dute edukazio txarrekoa edo zakarra dela, baina egiten dizuten eskaintza interesatzen ez bazaizu eta, esan eta gero, berean jarraitzen badute, eskegi eta kitto. Telefonoz horrela jokatzen badugu, pentsa aurrez aurre bagabiltza. Saltzaileek badakite nola jokatu, zein jarrera erakutsi, nondik jo, eta kontsumitzaileak askotan ez daki nola jokatu.

-Zein motatako iruzurrak gertatzen dira batez ere?

Energia enpresak dira modan daudenak. Bezeroak biltzen dabiltza, baina komertzialek ez dute ezer berririk eskaintzeko, gezurrak esaten dituzte etxeetan sartzeko, sinadurak kopiatzen dituzte, eta abar.

-Behar beste salatzen dira horrelako egoerak?

Gero eta gehiago salatzen dira, baina oraindik ez hainbeste. Berriak ahoz aho zabaltzen dira eta jendea salatzen animatzen da. Hala ere, askok ez dakite KIUBek udaletxean bulegoa daukala.

-Ahoz ahoko horretan ustezko iruzurrak igortzen dira? Paranoian erori gaitezke?

Normalean informazio zuzena zabaltzen da eta guk ere, zerbait antzematen dugunean, berehala igortzen dugu oharra. Jendea ez da paranoian erori, baina erne dago orain.