JON MONTIEL, capoeirista: “Capoeira nire bizitzaren parte handia bihurtu da”

JON MONTIEL, capoeirista: “Capoeira nire bizitzaren parte handia bihurtu da”
2018/01/19 eta kitto!
Arte martzialen munduan sartu zen txikitan eta munduan zehar ibiltzea ahalbidetu dion modalitatea aurkitu zuen orain dela urte batzuk Jon Montielek. Capoeirak espresatzeko modu bat eskaintzen dio eta astearteetan klaseak ematen ditu Eibarren, “ume zein helduei”. Abenduaren 2tik 12ra Iranen egon zen capoeiraren bitartez segregazioaren arazoari aurre egiten. Esklabuek sortutako artea izanik, capoeirak izaera askatzailea daukalako.

 

-Nola sortu zitzaizun Iranera joateko aukera?

Orain dela hamalau urte inguru hasi nintzen capoeira egiten eta Senzala taldearen barruan nago. Rio de Janeiron (Brasil) dauka basea taldeak, baina mundu osoan zehar dago banatuta eta gure taldeko koordinatzailea Cambridgen (Ingalaterra) bizi da. Alde batetik bestera bidaiatzen ibiltzen gara eta talde bakoitzak bere topagunea antolatzen du urtero. Kasu honetan Iranekoek topagunea antolatu zuten eta joatea pentsatu genuen.

-Zergatik erabaki zenuten joatea?

Segregazioaren arazoa dago Iranen. Herrialde islamikoa da eta lege santua daukate, xaria. Emakumezko eta gizonezkoek ezin dute elkarrekin entrenatu, eta jendaurrean dantza egitea debekatuta dago. Legeak dituzte, baina norberak nahi duena egiten du gero. Hori bai, ezkutuan. Segregazioaren aurkako lehen topagune ofiziala antolatu genuen. Emakumezko irakaslea eraman nahi genuen emakumezkoei klaseak emateko, baina pasaportearekin arazoak izan zituen eta bost atzerritar joan ginen azkenean, hiru neska eta bi mutil. Gurekin joandako emakumezkoek hango emakumeei klaseak eman zieten, eta guk gizonezkoei.

-Beraz, ez zenuten bertako legea apurtu?

Beti dago legeari itzuri egiteko modua, baina ofizialki ez genuen legea hautsi. Sare sozialak moztuta daude Iranen eta ahoz aho enteratzen dira hainbat gauzataz, baina zaila da horri jarraipena ematea. Beti bilatzen dute bidea gauzak egiteko. Adibidez, Facebook berez debekatuta dago, baina badaukate.

-Nolako esperientzia izan da?

Zoragarria! Alde batetik, beste herrialde bateko capoeiristekin entrenatzeko aukera izan genuen; eta bestetik, bertako jendearekin turismoa egin genuen. Turista arrunt batek ikusten dituen tokietatik haratago eraman gintuzten.

-Capoeira ezberdin bizi dute Iranen?

Euren informazio iturria gurea baino murritzagoa da. Ni topagunetik topagunera nabil herrialde ezberdinetan eta talde asko ezagutzeko aukera daukat. Eurek Youtuben hala nola aurkitzen dutena eta gure irakasleak bidaltzen diena dute oinarri, ez daukate beste ikuspegirik. Beraz, gu bertara joan ahal izatea garrantzitsua izan da eurentzat. Zazpigarrenez antolatu dute topagunea Iranen, baina emakumeek parte hartzen duten lehen aldia izan da. Aurrera egitera eta borrokatzera animatu nahi izan ditugu emakumeak, euren eskubideak lortu ahal izateko.

-Esklabuek sortutako arte martziala izanik, izaera askatzailea dauka capoeirak?

Gure irakasleak asko nabarmendu zuen hori Iranen. “Capoeira horrela jaio zen”, aipatzen zuen, sasoi batean capoeira debekatuta egon zelako baita ere. Jende guztiak Iranera ez joateko esaten zion irakasleari, baina berak atzera begiratu zuen eta Brasilen gertatukoa gogoratzen zion Irango egoerak, eta joatea aproposa ikusi zuen.

-Orain dela pare bat aste Irango hainbat protesten berri eman ziguten hedabideek. Zerbait ikusteko aukera izan zenuen?

Hedabideek ematen diguten informazioa eta han gertatzen dena oso ezberdina da. AEB-ren aurkako kartel eta mezu asko dago han, baina nik ikusi dudanaren arabera, mugitu naizen zirkuluan antzeman dudana gutxienez, legea eta estatua gauza bat dira eta jendea beste kontu bat da. Guztiz ezberdina. Jendeari ez zaizkio herrialdeko hainbat gauza gustatzen, aldaketak nahi dituzte eta aldaketak ematen ari dira. Ez da honen berri eman, baina manifestazioen ondorioz emakumeek hijaba eramateko derrigorra kendu dute. Nire irakasleak hori esan dit behintzat. Saudi Arabia eta Iranen arteko lehia antzeko bat dago. Batek emakumeei gidatzen uzten badie, besteak hijaba eramateko obligazioa kentzen du. Jendea lege horien aurka dago eta euren bidea topatzen du nahi duena egiteko, baina gobernua ez da inozoa. Jendeak egiten duena badaki eta pixkanaka zabaltzen ari dela uste dut. Irekiera hori erakusten duen parametro bat Iranera dagoen hegaldi kopuruaren hazkundea da. Hori bai, oso turista gutxi ikusi nuen.

-Zergatik capoeira?

Kirola egiteko, kultura bat ezagutzeko (Brasilgo kultura oso aberatsa delako), hizkuntza bat ikasteko (erabiltzen ditugun abestiak portugaldarrez direlako) eta bidaiatzeko aukera ematen duelako. Capoeira nire bizitzaren parte handia bihurtu da.

-Nola hasi zinen capoeiran?

Modan zegoelako. Tekken 3 bideo-jokoa irten zen eta bertako pertsonaia batek capoeira egiten zuen, eta batukaden eta Carlinhos Brownen sasoia zen. Brasildar bat ezagutu nuen Eibarren, capoeira egiten zuela esan zidan eta berarekin hasi nintzen. Berak utzi egin zuen eta, ni judoan ari nintzenez, Kalamua taldean capoeira klaseak sartu genituen. Gero Txinara joan nintzen eta hemengo taldea desagertu egin zen, baina nik capoeirarekin jarraitu dut egon naizen toki guztietan. Bueltan Senzala Euskadirekin hasi nintzen Zumaian eta zortzi urte daramatzat eurekin.

-Brasilera joateko aukera izan duzu?

2010ean zazpi astez egon nintzen. Capoeiraren muinera joatea modukoa izan zen. Bertara joateko ametsa neukan eta heldu nintzenean demaseko sentsazioa izan zen.

-Ezberdin bizi dute capoeira han?

Capoeira brasildarra dela diote, baina korronte batek dio capoeira mundukoa dela. Brasilera joan gabe capoeira egiteko aukera asko daukazu toki askotan, eta Brasilgo irakasle oso onak Europa edo AEBra joan dira.

-Nolako ekintzak antolatzen dituzue Eibar inguruan?

Esklaboen borroka izanik, capoeiran ez dago legerik. Badaude kirola ofizialdu nahi dutenak, baina ni ez naiz horren aldekoa. Lehia sartu nahi dute, Olinpiar Jokoetan aritu, baina askatasunetik sortu den arte bati hesiak jartzen badizkiozu, bere esentzia galduko du. Beraz, hemen ez dugu txapelketarik antolatzen. Urtero topaketa bat egiten dugu Euskadi mailan eta, egunerokoan, Eibarren klaseak ematen ditugu astearteetan. 5 eta 7 urte bitarteko ikasleak aritzen dira 17:30ean Adhara zentroan, 18:45ean Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 2. mailara arteko umeak egoten dira Mogel institutuan, eta 19:30etan 15 urtetik gorakoen txanda izaten da toki berean. Izena eman nahi duenak nire telefonora deitu dezake (637 552 948) edo Adhara zein Mogel institutura hurbildu zuzenean.

-Nolabaiteko dohainak behar dira capoeira egiteko?

Capoeira gorputzaren espresioa da, eta ez da espresatzen berdin 3 urteko ume bat edo 50 urteko gizon edo emakume bat; ezta 100 kiloko pertsona bat edo 40 kilo dituena. 100 kilorekin ez ditut jauzi mortalak egingo, baina ez daukat horren beharrik. Gorputzaren espresioa da eta elkarren arteko elkarrizketa. Denborarekin zure izaera sartzen duzu capoeiran.