Marina Ereña: “Triste banago ere, trikitixak poztu egiten nau”

Marina Ereña: “Triste banago ere, trikitixak poztu egiten nau”
2018/02/23 eta kitto!
7 urterekin ez zitzaion solfeoa interesatzen, baina trikitixaren soinuarekin liluratuta zegoen Marina eta Adolfo Jainagarekin hasi zen klaseak hartzen. 17 urterekin hor jarraitzen du, hainbeste ematen dion instrumentua perfekzionatzen. Aurpegi ezaguna da Marina herriko kalejiretan eta ekitaldi berezietan. Kaleko giroa eta trikitixak sortzen duen alaitasuna asko gustatzen zaio, eta, horretaz gain, iaz sortu zen Parrapas erromeria taldeko kideetako bat da. Musika Batxilergoko azken ikasturtearekin uztartzen du.

- Bizitza erdia baino gehiago trikitixaren botoiak sakatzen, nondik datorkizu zaletasuna?
Musika beti egon da etxean sartuta. Aita Usartza txistulari taldeko atabalaria da eta amak Sostoa abesbatzean abesten du.

- Kalean sarri ikusten zaitugu, saltsa guztietan zaudela ematen du.
Orain dela 3 urte sartu nintzen Musika Eskolan Marisol Arrillagak zuzentzen duen trikitilari taldean, eta harrezkero beti kalean ibiltzen naiz. Taldearekin aukera izan dut Irlandara eta Bartzelonara joateko eta laster, apirilean, Madrilera joango gara, Koru Gaztearekin batera, aktuazioren bat eskaintzera. Madril ezagutzeko aprobetxatuko dugu. Asko gustatzen zait zaletasun hau konpartitzen dutenekin egotea.

- Parrapas Erromeria taldearekin zer moduz?
Beti nahi izan dut talde batean jo, baina ez nuen espero egitea. Oso rollo ona dago. Nik bakarrik Letu ezagutzen nuen, trikitilari taldean panderojolea eta “nire bikote profesionala” dena,  taldeko besteak aurpegiz bakarrik ezagutzen nituen. Oso ondo pasatzen dugu. Ni naiz neska bakarra, eta zaharrena, eta askotan ordena jarri behar izaten dut (jajaja). Pixkanaka badoaz kontzertuak irtetzen. Taldean asko ikasi dut –akordeak, tonoa egokitu...–. Ez da gauza bera bakarrik edo talde batean jotzea. Taldean denok proposatzen ditugu kantuak eta ateratzen joaten gara. Astean 4 ordu entsaiatzen dugu elkarrekin, eta etxean ere egin behar duzu lana. Zeozer lortu nahi baduzu...

- Badakizu zer den trikitixa txapelketa batean egotea...
Urrian Letu eta biok Okondoko trikitixa txapelketa egon ginen. Lehenengo txapelketa izan zen eta laugarrenak geratu ginen. Gure lanarekin pozik bueltatu ginen. Agian errepikatu egingo dugu, baina ondo prestatuta joateko lan mordoa egin behar da.

- Zer ematen dizu trikitixak?
Jotzen duenak gozatu egiten du eta publikoari ere gozarazi egiten dio, niri poztasuna ematen dit. Triste banago ere poztu egiten naiz. Kalean, jendartean, lagunekin afari batean… Adrenalina soltatzeko ere oso ondo dago. Aitxitxari gustua egitearren hasi nintzen egunero entsaiatzen, eta harrezkero, ahal badut, egunero jotzen dut.

- Eta hemendik aurrera, zer ?
Gehiago sakontzea gustatuko litzaidake. Zenbakiekin dakit jotzen, beraz, ondo legoke solfeoa ikastea. Eta aurrerago trikitixa klaseak ematea beste aukera bat da, hau da, nik dakidana beste bati transmititzea. Eta gustatuko litzaidake euskal kultura hemendik kanpora erakustea. Irlandako esperientzia oso ondo egon zen.

Marina Ereña 2 Argazkia: Malen Jainaga