Mikel Ulazia eta Nerea Martin (LH-ko ikasleak): “Gazte asko ez dira kontziente euskarak lan-munduan duen garrantziaz”

Mikel Ulazia eta Nerea Martin (LH-ko ikasleak): “Gazte asko ez dira kontziente euskarak lan-munduan duen garrantziaz”
2018/06/08 eta kitto!
Bizitza osoan ikasketak euskaraz egin eta gero, Lanbide Heziketa egiteko hautua egiten duten gehienek gazteleraz jarraitzen dute euren hezkuntza bidea. Euskaraz ikasteko aukera izanda, nahiago dute Lanbide Heziketa gazteleraz egitea. Armeria Eskolako eta Uni Eibar-Ermuako arduradunek horren arrazoiak jakiteko mintzodromoa antolatu zuten Eibarko Udalarekin eta ‘…eta kitto! Euskara Elkartearekin’ elkarlanean. Euskararen aldeko hautua egiten duten bi ikaslerekin egon gara, Armeria Eskolako Mikel Ulazia eta Uni Eibar-Ermuko Nerea Martinekin.

- Zer ikasi duzue eta zergatik egin zenuten euskararen aldeko hautua?
Mikel: Armeria Eskolan goi mailako mekanizazio zikloa egin dut. Euskaraz egitea erabaki nuen betidanik ikasketak euskaraz egin ditudalako eta etxeko hizkuntza dudalako.
Nerea: Nire kasuan ere euskara aukeratzea bide naturala izan da. Elgoibarren euskaraz egin nuen Batxilergoa eta Administraritzako goi zikloa. Orain Nazioarteko Komertzioa egin dut Uni Eibar-Ermuan. Euskaraz apuntatuta nago, baina arazoa da material guztia erdaraz dagoela. Guztia gazteleraz ikasi ondoren, logikoa denez, azterketak ere gazteleraz egiten ditugu, nahiz eta euskaraz egiteko aukera izan.

- Izan duzue esperientziarik lan-munduan? Euskara egiten da lantokietan?
Mikel: Eibarko tailer batean egon naiz praktikak egiten, eta hor konturatu naiz tailerrean euskaraz egitea oso zaila dela. Langileen artean gaztelera zen nagusi, nahiz eta bulegokoekin euskaraz egin. Niri euskaraz lan egitea gustatuko litzaidake, baina hori enpresa bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango dela uste dut.
Nerea: Ni Orbean egon naiz praktikak egiten bezeroari arreta zerbitzuan, eta hor ia dena ingelesez eta gazteleraz egiten nuen. Dena dela, bulegoko lankideen artean euskaraz aritzen ginen. Ez daukat arazorik erderaz egiteko, baina nahiago dut euskaraz jardutea.

- Gazteak ez dira animatzen Lanbide Heziketa euskaraz ikastera. Zergatik izan daiteke?
Mikel: Batzuk ez dira ondo moldatzen euskaraz, edo gazteleraz ikasi dute. Konfiantza falta daukate.
Nerea: Askok ez daukate erraztasunik euskaraz jarduteko. Ni Soraluzekoa naiz eta harrituta gelditu naiz Eibarren gazteen artean dagoen euskara maila baxuarekin. Gainera, ez dira kontziente euskarak lan munduan ere duen garrantziaz.